Historia ulertzeko beharrezkoak

argia
0
Argazkia: Txomin Txueka.
Argazkia: Txomin Txueka.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Jose Luis Zumetak badu esanahi berezi bat Argian. Momentu puntualetan egin bada ere lotura zuzena, haren estiloak, haren koloreek badute zer esana hedabidearen ibilbidean. Euskal kulturaren iruditerian ezaguna, GAUR taldeko sortzaileetako bat, Ez Dok Amairun ibilia, Mikel Laboaren azalen egilea, beste hamaika liburu-azal eta afixaren sortzailea…

JoxAnton Artzeren txoriak marraztu zituen Zumetak 1973an, Laino guzien azpitik… sasi guzien gainetik lanari irudia jarriz. 2002an ARGIArentzat espresuki egindako laminan nolabaiteko jarraipena eman nahi izan zioten bi artista usurbildarrek ia hogeita hamar urte lehenago egindako lanari. Ordurako euskal munduan hain sinboliko bilakatutako Artzeren Txoria Txori poema oinarri hartuta (1969an argitaratutako Isturitzetik Tolosan barru liburuan aurki daiteke) pintatu zuen txoria. Norberak bere askatasun osoz bere interpretazioa egiteko moduan. XXI. mende hasierako Durangoko Azoka hartan banatu zuen ARGIAk bere harpidedunen artean lamina.

Eta hedabidearen 90. urteurrenaren ospakizunerako beste irudi bat ere sortu zuen margolariak. 2009a zen eta Bertsozale Elkarteak ARGIAri eskaini zion Bertso Txapelketa Nagusiko sari bat ematea. Zerbait berezia eman nahi sari gisa, eta Zumetari eskatu zioten koadroa egiteko. Jon Maiak jaso zuen saria. Margolan honekin, eskuz egindako 200 serigrafia egin zituen Zumetak, eta honen azken aleak oraindik eskuragai daude ARGIAren Azokan.

2008ko urtarrilaren 13ko datarekin argitaratutako astekarian Amets Arzallus Antiak margolariari egindako elkarrizketa irakur dezakezue edo baita Xabier Gantzarainek 2017ko urtarrilaren 29ko aldizkarian Zumetaren pinturaren eta ibilbidearen inguruan idatzitako artikulua ere, Zumeta zer eta nor izan den sakonago ulertzeko.
Gure kulturaren azken hamarkadetako iruditeria konprenitzeko gakoetako bat, gakoetako bat izan den bezalaxe ARGIArentzat ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA