Aroztegitik Herriko Etxera

argia
0
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria] Itsasuk auzapez berria du ekainetik, Mikel Hiribarren, laborari abertzalea eta Argia zerukoa zenetik kolaboratzailea. Plazerez jaso dugu albistea, ez baita sarri jasotzen etxeko bat alkate izango denaren berria. Eta Itsasuko herritarrek ez dute edonolako auzapeza hautatu, ez, Lapurdiko artzainaren ibilbidea errepasatzekoa baita.

Ipar Euskal Herriko bozen emaitzak jakin orduko argitaratu zuen albistea Argiak eta hala dio: “Mikel Hiribarren Itsasun sortua da 1956an. Itsasuko Aroztegia etxaldean laborari, ELBko militante eta 2013tik Frantziako Confédération Paysanne-ko idazkari nagusia da. 1998an, auzoko beste hiru laborarirekin, Basaburuko Saskia izeneko kontsumo talde edo AMAP modukoa sortu zuen, lehenetarikoa Euskal Herrian. Azken hamarkadetako laborari borroken ulertzeko ezinbesteko erreferentzia da”. Sakondu nahi duenak sarean irakurtzeko aukera du Sustrai Colinak orain urte batzuk egindako elkarrizketa: “Iparraldeak estimu handiegia die kanpoko aberatsei”.

Kolaboratzaile hasiera haiek

Arreba Maialenen bidez heldu ziren Hiribarrentarren etxera Zeruko Argia ale zenbait, Lazkaon egiten baitzituen irakasle ikasketak. 1977an Bordelera joan zen soziologia ikasketak abiatzera eta bi urteren ondoren soldaduskara deitu zuten. Soldaduska errefusatu eta kontzientzia-eragozle figura baliatuz, Zuberoako elkarte batean aritu zen nekazari txikiei laguntzen, hain zuzen Atharratzeko Johane Pitrau eta Barkoxeko Jojo Etxebarnek antolatu zuten elkartean.

Ermi Madariagak zuen orduan Iparraldeko kolaboratzaile ardura eta Ladix Arrosagarayri eta biei eskaini zien astekarian idazteko aukera. “Ilusio handiz eman genuen baiezkoa”, dio Hiribarrenek, “baina ezer jakin gabe aldizkari batean idazteko modu teknikoaz. Euskal Herri guzian zabaldua zelakotz Zeruko Argia, eta euskara hutsean idatzia zelakotz, eta ulertzen baikenuen bazela Argia zeramaten lagunen artean gizartearen irakurketa bat ezkerrekoa, ardura sozial zorrotza zuena”.

Militantzia urteak oroitzen ditu 70 eta 80ko hamarkadak. “Iparraldeko ekonomiaren sustatzea genuen ilusio, lana herrian izan zedin, herri hau bere gazteriaz ez zedin huts. Eta bazen kultura biziaren lehengai zabal hori ere, bereziki Zuberoan. Nekazaritzarena ere, dudarik gabe. Horiek ziren lantzen genituen gaiak”.

“Gogoan dut ez zela gaurko erraztasunik artikuluak ordenagailu batean zuzenki idazteko eta klixkako batez erredakziorat bidaltzeko. Bide asko egin behar zuen orri bakarreko artikulu batek Zuberoatik Donostiako Bretxatik hurbileko karrika hartarat heltzeko”, kontatu du, hain berea duen irribarre txikiaz. Eskerrik asko egindakoengatik eta xantza on bidean, Mikel.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA