[Itsaso Zubiria Etxeberria] Mende laurdena osatu du Hik Hasi-k, Lasarte-Oriako Antza inprimategian lehen zenbakia argitaratu zuenetik. Joxe Mari Auzmendi taldearen sortzaile zendu berriak izango zuen hasiera korapilatsu haien kontakizunik. Otsailean eman genion agurra txoko honetan eta orduan kontatu genituen Hik Hasi-ren eta Argiaren arteko harremanak, euskarazko bi aldizkariak lotzen gaituzten hariak. Joxe Marik ezin 25. urteurreneko ospakizunean egon, baina otsailean idatzi bezala, hariak jarraitzen du eta azaroaren 4an aurkeztu dute, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, urteurrena ospatzeko egitaraua. Unea aprobetxatu dute hezkuntzaren oinarrien inguruko hausnarketa kolektiborako gonbitea egiteko “Hezkuntza Adierazpena”rekin.
COVID-19ak eragindako lurrikara honek erdi-erdian harrapatu du hezkuntza (erdi-erdian harrapatu ez duenik badagoen ere zalantza dut). Beste arlo askotan bezala, azken hilabeteak protokoloei eta neurriei begira dabil hezkuntza-komunitatea, ez da gutxiagorako; baina non geratzen dira pedagogia eta hezkuntza zurrunbilo honetan? Berriz ere hezkuntzaren oinarriak erdigunera ekarri nahian eta “modu baterazlean” eginez, Hezkuntza Adierazpenean Hik Hasi-k hausnarketarako zenbait gako planteatu ditu, hezkuntza komunitatea osatzen duten ikastetxe, familia, sare, erakunde eta abarretan datozen hilabeteetan lantzeko gonbitea eginez. “Zoru etiko eta pedagogiko berria behar da Euskal Herriak une honetan dituen hezkuntza erronkei erantzuteko, eta zoru hori finkatzeko, itun sozial bat behar dugu hezkuntzaren inguruan. Horretarako, lehenengo, hausnarketa partekatua behar dugula uste dugu. Hezkuntza Adierazpen honen helburua hausnarketarako gakoak mahai gainean jartzea da. Euskal Herriak behar duen hezkuntza-sistema inklusibo eta komunitariorako oinarriak xehatzen dira bertan”, azaldu du Xabier Sarasua irakasle eta Hik Hasi-kideak.
Ainhoa Azpirotzek Hik Hasi-ren hogeita bost urteotako ibilbidearen errepasoa egin du. Euskal Herri osoko eremuan elkarren berri izateko tresna gisa sortu zela gogoratu du, 1990eko hamarkadan oraindik pedagogia aurrerazaleetan murgildu nahi zutenek ere euskarazko materialaren falta sumatzen zutela, euskal curriculumik eza, bertako argitaletxe urriak…
Behar horiek eta gehiago asetzeko sortu zen taldeak bete ditu hogeita bost urte eta orduko su txiki batzuk itzaliko baziren ere, beste batzuk piztea lortu dute eta ez daukate itzaltzen uzteko asmorik. Mende laurdena ospatzeko egitaraua azaroaren 14an hasiko da, Natura: eskola bizia jardunaldiarekin.
Hik Hasiren webgunean dago egitarau osoa.