Zertan dabil Olatukoop?

argia
0
Olatukoopen saretze eguna, 2020ko ekainean Usurbilen.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aurpegi berriak ikusiko ditugu hemendik aurrera Olatukoopeko koordinazio taldean. Orain artekoen erreleboa prestatzen aritu dira urtebetez eta 2020 erdialdera iritsi da aldaketa. Bi urteko konpromisoa hartu dute kide berriek, nahiz eta azpimarratu nahi izan duten garrantzitsua dela pertsonen erritmo eta errealitateak errespetatzea.

“Aldaketa egoki egitea izan da helburua, presarik gabe, fundamentuz eta eroso; horregatik hartu dugu urtebeteko denbora”, azaldu digute. Koordinazio taldeko kide bakoitzaren indarguneak aztertu eta kolektiboaren osagarritasuna bilatzeko profilak aztertu dituzte partaideen artean. “Taldeko kide ohien eta berrien arteko elkarrizketek eta elkar eraginak asko lagundu” dutela diote Olatukoopetik. “Prozesu aberasgarria” izan dela aipatu dute eta “oso pozik” agertu dira egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin.

Koordinazio taldeko kideen aukeraketarako bolondresak atera izan dira orain arte. Hala izango ez balitz, badute hitz egin eta onartuta bozketa prozesu bat, baina oraingoz ez dute errekurtso horren beharrik eduki. Ahalegintzen dira elkarteko enpresa komunitario ezberdinetako jendea lortzen, koordinazio taldeari zabaltasuna ematen, beti enpresa berak egon ez daitezen. Erreleboa pertsonena bezala enpresena ere lortzen.

Betebeharrak eta erronkak

‘Koordinazio’ bezalako hitz potolo horren atzean zer dago? “Olatukoopen erronka eta helburuak lortzeko ikuspegi integrala duen batzordea da”, azaldu dute elkarteko kideek, “eta luzera begirako plan estrategikoaren garapena, zein egunerokotasunean elkartearen barruan dauden beharrei erantzutea dira, oso azaletik esanda, talde honen lanak”.

Urte bukaeran egingo dute datorren urteko plan estrategikoa lantzeko bilera eta han zehaztuko dira puntu gehiago, baina tartean jardungo dute sareko kideen beharren identifikazioaz eta hauek asetzeko bitartekoez, interkooperazioaz, lurraldeaz eta eraldaketa sozialaz, elkartearen autofinantzaketaz… eta ahaleginduko dira 2021ari begira erronka batzuk zehaztu eta bide orriak markatzen.

Eta ia ahaztu zait esatea: partaide denak emakumeak dira gaur egun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA