[Itsaso Zubiria] Webguneko datuen azterketa egin dute ARGIAn, ikusteko zein izan diren azken urtebeteko irakurleen joerak, zein albiste irakurrienak, zein blog jarraituenak, zein multimediako eduki ikusienak, zein podcast entzunenak. Neronek ez dizuet eskainiko 2020ari begira egindako azterketa honetan jasotako datuen ondoriorik. Bakoitzak atera ditzala bereak. Artikulu honen helburua gehiago da datuen errepasoa egin ondoren bildutako informazioa nahi duenaren eskura jartzea.
Pandemiarekin batera igoera nabaria izan du webguneko sarreretan ARGIAk eta webgunearen historian bisita gehien izan dituen hilabetea izan da apirila.
Telefono mugikorrak dira webgunerako bidea irekitzen duten gailu nagusiak. %63k tresna hori erabili du. Ordenagailua da bigarren gailu erabiliena baina aldea handia da: %35. Eta tresna horietan zein nabigatzaile den nagusi? Google multinazional ahalguztidunaren Chrome nabigatzailea, %63ko erabilerarekin.
Bisitari asko zuzenean sartu dira webgunera eta beste batzuk sare sozialetako lerroburuekin bakarrik geratzen dira. Baina badago tartekorik. Bisiten herenak jo du ARGIAra sare sozialetatik. Facebook da iturri erabiliena alde handiz, eta atzetik, Twitter dator.
Webguneko sarreren %40 zuzenean albisteetara izan dira. Beste %17 argia.eus-eko orri nagusira eta beste hainbeste astekariko edukietara. %6 multimediara. Webguneko atalik bisitatuena, berriz, dokumentalen kanala izan da.
Lehen hamar albiste irakurrienen artean maila gorenean dago Zubietako erraustegitik behera doan Arkaitzerrekan hilik agertutako arrainen ingurukoa. Eta gai berari lotutako beste albiste bat ere badago irakurrienen zerrendan. Baina gai nagusia koronabirusa eta pandemia da, erpin askotatik helduta, hamarretik bost albistetan agertzen dena. Interesatutako beste gaiak izan dira Zaldibarko hondamendia eta euskara.
Multimedian ikusiena Erroa eta geroa dokumentala izan da eta blog bisitatuena Beranduegi, baita podcast entzunena ere.
Dena den, kontutan izan behar dugu datuok webguneko estatistikak soilik hartzen dituztela kontuan eta, beraz, irakurketa ez dela osoa. Jakinik geroz eta gehiago mugitzen garela sare sozialetan eta eskura ditugula sekula baino plataforma gehiago, ARGIAren eduki asko ere bertatik jasotzen ditu Argiazaleak, webgunera jo gabe; bai sare sozialetako lerroburuak irakurriz edo zintzilikatutako bideoak ikusiz, bai podcast-ak FM irratietan edo ivoox-en entzunez, edo bai, zorionez, lizentzia libreei esker ARGIAk sortutakoa beste hedabide batzuetatik jasoz. Eta nola ez, astekaria irakurriz.