Kazetaritza ez da idatzita bakarrik egiten

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez dizut gauza berririk kontatuko esaten dizudanean, irakurle, ARGIAn bekadunak aritzen direla lanean. Ohituta gaude, baina, idatzizko kazetaritzan ikusten. Lau hilabetean behin egoten da mugimendua, sartu eta ateratzen dira ofizioa ikasteko gogoz dabiltzan gazteak. Orain aurkeztera natorren bekadunak hilabete baino gehiago darama dagoeneko ARGIAn praktikaldia egiten, idatzizkoa ez den kazetaritzan.

Eneko Arzuaga duzue, hondarribiarra. Diseinu grafiko ikasketak burutzen ari da eta etxe honetan egindako hiru hilabeteko praktikekin osatuko du gradua. Hainbat lan egiten ari da: publizitate eta grafikak sortzen ditu papererako zein digitalerako, multimedian ere badabil bideoen grabazio eta edizioan laguntzen, eta Dani Blanco argazkilariarekin batera joaten da tarteka erreportaje eta elkarrizketetako argazkiak ateratzera, ondoren txukundu eta astekarirako prest jartzeko. “Betidanik interesatu zait artea, bai argazki eta bideoen mundua, bai eta marrazki eta diseinua”, diosku. Ez dira hari horri tiraka egindako lehen ikasketak. Aurretik ikus-entzunezkoetan ibilia da.

Aitortu digu zail zitzaiola irudikatzea astekari bateko lan egiteko modua eta erritmoa eta “espektatiba handirik ez egiten ahalegindu zela”, hiruhileko honen aurretik. “Aurkitu dudana asko gustatu zait, giroa oso ona da eta oso ondo jaso nautela sentitu dut. Niri lan egiteko modu berriak ezagutzeko balio izan dit eta asko ikasten ari naiz”, jarraitu du, berea duen diskrezioz.

Ekainean bukatuko du ARGIAko egonaldia, praktika moduan behintzat; eta horrekin batera emango die amaiera ikasketei ere. Galdera handi samarra bota diot, akaso inertziaz: eta gero zer? Gogoa du lanean hasteko. Gustuko mundua du ikus-entzunezkoena eta diseinuarena, eta hortik tiraka zerbait lortzen ahalegindu nahi du. Ez da erronka makala, baina saiatu gabe ez dago ezer. Habiatik salto egiteko garaia heldu da.
Praktikaldia ondo zukutzen ari denaren sentsazioa dut. Ez da hasiera txarra hegoak astintzen hasteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA