Gauza jakina da multinazional askok herritarron datuekin negozioa egiten dutela. Horretarako, doan eskaintzen dizkiguten zerbitzuen bidez, batean eta bestean uzten ditugun arrastoak biltzen dituzte etengabe. Gure irakurleen pribatutasuna bermatzeko hiru neurri berri hartu ditugu ARGIAko webgunean.
Bideo honetan laburtuta ikus dezakezu azpian xeheago azaldu duguna.
1- Agur Google Analytics, kaixo Matomo: Webguneen trafikoari buruzko estatistikak eskuratzeko zerbitzua da Google Analytics. Horri esker webguneen kudeatzaileek jakin dezakete internautak noiz sartzen diren beren orrietan, zein gailutatik, non egiten duten klik, zenbat denbora igarotzen duten, non dauden eta abar. Oso orokortua da zerbitzu honen erabilera munduan, baita Euskal Herriko hedabideetan ere. Herritarrek jakin ez arren, Eusko Jaurlaritzak berak ere, 2014an euskarazko hedabide guztiak behartu gintuen zerbitzu hau instalatzera gure webguneetan, eta beraz, esan dezakegu euskarazko hedabideetan dabiltzan euskaldunen datu oso xeheak jasotzen ari dela egunero Google.
ARGIA egiten dugunok ez dugu akritiko jokatu nahi gure datuak salduz negozioa egiten dutenekin. Horregatik, Google Analytics kendu egin dugu ARGIAko webgunetik. Horren partez, Matomo software librea instalatu dugu gure zerbitzarian eta oso pozik gaude. Orain, gure trafikoaren datuak hobeto aztertzeaz gain, gure irakurleen erabateko pribatutasuna bermatuko dugu, datu anonimo horiek ARGIAren zerbitzarietan utziz, eta ez multinazional baten esku.
2- Sare sozialen botoiak kendu ditugu. โAtsegin dutโ edo โpartekatuโ gisako botoiek, nahiz eta irakurleak ez sakatu, herritarren datuak jaso eta Facebook, Twitter eta enparauen zerbitzarietara bidaltzen dituzte. Informazioa partekatzeko erraztasunaren izenean, ez zaigu onargarria iruditzen ordain-sari hori. Beraz, ARGIAko informatikariak espreski garatutako botoi propioak instalatu ditugu horien ordez. Orain sare sozialetako enpresek ez dute ARGIAko irakurleen daturik inoren baimenik gabe jasoko.
3- Adi cookie-politika onartzearekin. Ba al dakizu webguneetako cookie-politika onartzearen aitzakian, zenbat enpresari ematen ari zaren zure datuak erabiltzeko baimena? Egizu froga. Sartu ohikoan bisitatzen duzun edozein webgunetan eta cookieak onartzeko adierazten dizun mezuan (pantailaren behekaldean agertu ohi da, eta ez bazaizu agertzen esan nahi du jada onartua daukazula) eta OK sakatu beharrean, sakatu aukera gehiago erakusteko botoia. Orain zerrendatu zenbat enpresa dauden muturra sartuta webgune batean eta bestean. Cookieak onartzea klik bakarrarekin oso erraz jartzen dute, baina ez onartzea askoz zailagoa da. ARGIAn ez dugu sekula halakorik egin, ezta egingo ere.
Herritarron pribatutasun eskubidea eta zehatzago esanda, gure komunitatea multinazionalen atzaparretatik babestea ARGIAren lehentasunetan dago. Horregatik, pribatutasunaren babesa informatiboki lantzeaz gain, neurri zehatzak hartzen jarraituko dugu.
Hau guztia egin dezakegu komunitate zabal batek ARGIAren proiektua babesten duelako. Oraindik ez baduzu pausoa eman, zintzoki animatzen zaitugu ARGIAkoa egitera, zuk erabakitzen duzun eta zure aukeren barnean dagoen ekarpen ekonomikoa eginez. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta gauza gehiago egiteko aukera izango dugu, libre eta doan.
Jarrai dezagun kazetaritza independentea egiten, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jaso besarkada bat ARGIA egiten dugun guztion partetik.
9 Iruzkin
Oso erabaki polita! Orain bakarrik Youtuben jarri beharrean bideoa, [Peertube](https://eu.wikipedia.org/wiki/PeerTube) kanal batean jartzea besterik ez zaizue falta! ๐
Animo!
Zorionak Argia ! Sekula ere ez nuen pentsatu horri buruz, baina orain, jakinaren gainean nagoenez, ez zait ongi iruditzen beste hedabideek nire datuak ematea Googlei. Eskerrik asko, harpidedunontzat harrotasun bat gehiago
Irakurle gisa, eskerrik asko gure pribatutasuna zaintzeagatik.
Milesker ekarpenagatik Izaro! Hori ere buruan bagenuen, baina zure eta beste irakurle batzuen ekarpenek bultzatu gaituzte aldaketa egitera. Peertuberen instantzia jarri dugu eta erabiltzen hasiko dugu Youtuberen partez. Aldatu dugun lehen bideoa, artikulu honetakoa ๐
IEEEEUUUUUUUUUUUP!
Onak zarete gero!!!
Peertube instantzia ere jarri duzue?? Aupa zuek!!! Jende askok ez du baloratuko hasieran, baina zuei esker izango du Peertube-ren (existentziaren eta garrantziaren) berri!! Oso harro Argiako harpidedun izateaz ๐๐๐๐๐
[…] emandako pauso aitzindarian sakondu nahi dut artikulu honetan: 2021ean ARGIAk nonahi erabiltzen den Google Analytics tresnari uko egin eta Matomo erabiltzen hasi izanari […]
[…] uztailean, bertsio berri bat jarriko zuelako abian: GA4. Euskarazko hedabideen webguneak ere, Argia aldizkariarena salbu, eraldaketa horretan murgilduta ibili dira azken hilabeteetan, Behategiak garatu duen BEHA […]
[…] Herrian gero eta gehiago dira Matomoren aldeko apustua egin dutenak. Adibidez, duela 3 urte ARGIAk agur esan zion Google Analyticsi eta kaixo Matomori. Erabilera zabaldu ahala euskarazko itzulpenaren beharra ere gero eta nabariagoa zen. Duela urte […]