ARGIAk ez du datu pertsonalik merkaturatzen

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sarean nabigatzen dabilen edonoren egunerokotasuna da cookie-ak onartu edo baztertzea. Interneten gabiltzan guztioi egingo zaigu ezagun webgune batera sartu eta goialdetik ez bada behealdetik agertzen den leihotxoa: “Zure pribatutasuna zaintzen dugu” edo antzeko esaldi batez lagunduta. Eta ez da gezurra, ulertzen badugu zaintza zelataren zentzuan. Erabiltzaileak jabetzen al gara benetan zer dagoen jokaldi honen atzean?

Cookie politika onartzeko aitzakian, gure datuak ehunka enpresarekin partekatzeko baimena eskatzen digute. Horretara bultzatzeko diseinu ilunak edo dark patterns deituak erabiltzen dituzte, alegia, ez dituzte onartu edo baztertzeko bi aukerak pareko jartzen. Adibidez, gure onarpena adierazteko klik bat nahikoa da, botoi berde eta erakargarri bati ematea, baina ukatzeko dozena bat klik edo gehiago egin behar dira. Ezaguna egingo zaizu, ezta irakurle? Horrelako diseinuak nahi ez duguna egitera bideratzeko eginda daude, eta sarri lortzen dute helburua; dela presaka garelako eta onartzea azkarragoa delako, dela jakitun ez garelako horrek zer dakarren.

Arrazoia dena dela ere, ehunka enpresak eskuratzen dituzte, guk baimenduta, gure datu pertsonalak, ondoren erabili ahalko dituztenak gure bilaketen, adinaren, sexuaren eta abarren arabera publizitate zehatza bidaltzeko, kanpaina politikoetarako… Ez da multinazional teknologiko handiek erabiltzen duten sistema bakarra gure datu pertsonalak eskuratu eta nahieran ibiltzeko. Baina ezin guztiak lau paragrafo hauetan azaldu eta joango gara aurrerago ere beste pistaren batzuk ematen.

Gauza gehienak bezala, cookie-ak ere oso baliagarriak izan daitezke erabilera egoki bat emanez gero. ARGIA horretan saiatzen da. Cookie batek lagun dezake argia.eus-en kasuan, esaterako, webguneko “Azoka” sailean saskiratutako produktuak bertan gordetzen, nahiz eta leihoa itxi edo ordenagailua itzali erosketa egin aurretik. Baina datuok argia.eus-en geratzen dira, ez dira hirugarren baten eskuetara pasatzen.
Edozein webgune behartuta dago erabiltzen dituen cookie-ak zein diren adieraztera, pribatutasun politika bat eduki eta azaltzera, baina ez du obligaziorik erabiltzaileen datu pertsonalak ehunka enpresen eskura jartzeko aukera emateko.

ARGIAk ez du zure datu pertsonalik merkaturatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA