Kazetaritzako lehen pausoak

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Erredakzioan egin dut topo Iraitz Madariaga Etxebarriarekin. Lehen hilabetea du praktikaldian eta hor ari da jo eta su, egunerokotasuneko berri izan daitekeenaren informazioa lortu, kontrastatu, albisteak idatzi, sare sozialetan zabaldu… Hori izango du, laburrean, irailera arteko lana. Kazetaritza ikasketak burutzen ari da unibertsitatean eta hirugarren mailako lan-praktika du ARGIAkoa. Berarekin aritu naiz pixka bat ikasketez, lanaz, esperientziaz…

Hasiberria da kazetaritza lanetan muturra sartzen. Urtarriletik ekainera bitartean, EHUko NOR Ikerketa taldean aritu da praktiketan, Eusko Jaurlaritzak ikerketa munduan hasi nahi duten gazteei ematen dien Ikasiker bekarekin. Bertan, audientzia ikerketekin eta ikus-entzunezkoen inguruko azterketekin aritu dira lanean, eta hala azaldu du berak: “Idatzizko komunikabide bateko lanarekin zerikusirik ez duen arren, esperientzia aberasgarria izan da hedabideen panorama ulertzen laguntzeko”.

ARGIAn kazetaritza idatzia landuko du batez ere lau hilabete hauetan. Beti gustatzen zait elkarrizketa hauetan galdetzea zein gai gustatzen zaien gehien, zerekin sentitzen diren erosoen… eta Iraitzen erantzunekin identifikatu samar sentitu naiz, inguruan beti izaten baititugu gaiak, lanak, norabideak oso garbi dituen jendea; beste batzuk, berriz, noraezean iritziko du zenbaitek, lorez lore ibiltzen garen erleen pare. “Ez daukat gai batekiko lehentasunik. Uste dut gai bat zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gehiago hurbiltzen zarela harengana, zure egiten duzula”. Arlo asko ukitzen ari da albisteak sortzerakoan eta “oraingoz” politika gaiek erakarri omen dute gehien.

Erredakzio baten egunerokotasunera ohituta amaitu nahiko luke lanaldia irailean: “Erritmoak zein diren ikasi eta dinamikan integratu nahi nuke. Berriei ikuspuntu egokitik heltzen ere ikasi nahi dut, iturriak behar bezala kontrastatzen jakin eta informazio osatua ematen ahalegindu”.

Lasarte-Oriako lantaldean “giro ona” aurkitu duela dio. “Egunero aktualitateaz informazioa kaleratzeaz gain, kazetari guztiak dira astekaria ere kudeatzen dutenak. Lan karga handia dute eta dinamika oso antolatua topatu dut”, azaldu du.Ongi etorri, Iraitz, eta atera ahalik eta zuku gehien egonaldiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA