Ohikoena da agendan norbera idazten joatea egin beharrekoak. Lanak antolatzeko modu bat da. Baina zer irudituko litzaizuke, irakurle, betiko agendaren funtzio hori mantentzeaz gain, liburuxkak berak proposatuko balizkizu egin beharreko lanak? Funtzio horiek eta gehiago dakartza Ilargia eta Landareak 2022 agendak, norberaren eguneroko bizitza ilargiaren eta lurraren aroekiko irekita bizi nahi duen ororentzat, gozagarri eta jakin-min asegarri.
Bosgarren urtea du produktuak eta urtez urte egiten zaio, erabiltzailea asetzeko intentzioz, berrikuntzaren bat. Orain artekoei liburu formatua eman nahi izan zaie gida-liburu, agenda-liburu estilora eta aurten, espiral eta guzti, “betiko” agendaren itxura handiagoa emateko apustua egin da, ilargi eta lurraren inguruko jakintzarekin uztartzeko esentzia galdu gabe.
Baliagarria izango zaio egunero ilargiarekin eta lurrarekin dantzan dabilenari bertan azaltzen baitzaizkio hileroko eta asteroko lanak eta ondoan izango baitu lekua bere oharrak idazteko; eta berdin erabilgarria izango da “betiko” agenda moduan baliatu nahi duenarentzat edukiko baitu nahikoa leku bere eginbehar guztiak apuntatzeko eta ondoan izango ditu landareei lotutako bitxikeriak. Jakintza pilulak.
Ongarriak da aurtengo gaia. Honi lotutako testu eta ilustrazioekin irekiko da hilabete bakoitza, Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak mimoz prestatuta. Bertako eta sasoiko barazkien zerrenda ere ezagutu ahal izango dugu hilero, eta hurrengo bi orrietan, agendan sartu aurretik, Baratzea, Fruitu baratzea, Basoa eta Lore baratzea ataletan zer lan egiteko unea den azalduko da. Ilargiaren hileko gora-behera eta zahar-berritzeak azaltzeko grafikoa ere ez da falta, noski.
Eta segidan agenda. Bi orritara ezker-eskuin aste osoa ikusgarri, lurrari lotutako asteko lan proposamen zehatz batekin, ilargiaren asteko mugimenduekin eta oinarrian bertako eta sasoiko barazkien ilustrazioak dituela.
Bigarren zati bat ere badu liburuxkak. Atzeko partean Jakoba Errekondoren oinarrizko informazioa bildu da. Barazkien eta lurraren ongarriketarako gako batzuk aipatzen dira, barazkiak noiz erein, landatu eta uzta bildu, fruituen uzta urtean zehar zein den, landareak nor norekin jarri eta bati eta besteari nork laguntzen dion jakiteko koadroa, luarraren inguruko informazioa…
Eskuragarri dago ARGIAren Azokan. 2022. urtea ondo antolatuta eta baratzea txukun edukitzeko beharrezko izango dugun agenda.