‘Sendabelarrek dakitena’ eta ‘Bidean’ liburuak aurkeztuko ditu ARGIA-k Donostian

argia
0

Alde Zaharrean dagoen Donostiako Udal Liburutegian bi egunez jarraian izango gara liburu bana aurkezteko. Garbiñe Larrea azaroaren 2an izango da ‘Sendabelarrek dakitena’ liburua aurkezten eta Koldo Rabadan Izagirrek ‘Bidean’ liburua aurkeztuko du azaroaren 3an.

Garbiñe Larrearen ‘Sendabelarrek dakitena’ liburua

Liburuan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza dago. Ukenduak, tinturak, infusioak eta abar autonomiaz egiteko azalpenak ematen ditu. Sendabelarren inguruko ezagutzan sakontzea, ikasitakoa eta jasotakoa elkarbanatzea, ekarpen berriak egitea, euren toxizitatea eta albo kalteak ezagutzea eta, batez ere, gure egunerokotasuna aberasteko balioko diguten ezagutza praktikoak eskuratzea da liburuaren egitekoa.

-Aurkezpena: Donostiako Udal Liburutegian, Alde Zaharrean, azaroaren 2an, 12:00etan.

-Aurkezpena streaming bidez jarraitu.

-Sendabelarrez, osasunaz eta gaur egungo bizimoduaz Estitxu Eizagirrek Larreari egindako elkarrizketa mardula irakurri edo entzun nahi baduzu lotura honetan duzu: “Sendabelarrek badakite, gu gara haiei buruz hainbeste ez dakigunak”

-Liburua erosi nahi baduzu ARGIAren azokan duzu.

-Zure herrian Garbiñe Larreak liburuan oinarritutako hitzaldia ematea nahiko bazenu idatzi bizibaratzea@bizibaratzea.eus helbidera.

 

Koldo Rabadan Izagirreren ‘Bidean’ liburua

Liburuaren egilea irakaslea eta psikopedagogoa da. Pasioz irakasten du. Hainbat eskolatan aritu ondoren, azken urteetan Eskola Txikietan irakaskuntzarekin gozatzen ari da. Dekalogo forma eman die bere bizipenetatik ateratako ondorioei eta umore finez kritika zorrotza egiten dio hezkuntza sistemari eta autokritika irakasleek barneratuta dituzten eguneroko hainbat uste usteli. Irakurlearengan emozioak, hausnarketa eta sormenaren jolasa pizten ditu, eta haurrenganako dugun begirada aldarazten du, haiengandik ikas dezakegun guztia nabarmenduz. Irakasle zein gurasoei, haurren hezierarekin gehiago gozatzeko gako asko ematen dizkie liburu honek.

-Aurkezpena: Donostiako Udal Liburutegian, Alde Zaharrean, azaroaren 3an, 12:00etan.

-Aurkezpena streaming bidez jarraitu.

-Liburua erosi nahi baduzu ARGIAren azokan duzu.

-Zure herrian edo eskolan Koldo Rabadanek guraso edo irakasleentzat hitzaldia ematea nahiko bazenu idatzi azoka@argia.eus helbidera.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA