Flora eta fauna ere KM0

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sabanako jirafak, lehoiak, elefanteak… Ipar poloko hartz zuriak… Asiako tximino saltariak… Horrelakoak topatzen ditugu Euskal Herriko haurrei kontatzen dizkiegun ipuinetan, erabiltzen dituzten jostailuetan. Galtzen ari gara bertako animalien ezagutza. Nork kantatzen dio okilari? Arrabioari? Izokinari? Soro muxarrari? Etxeko txikienek jolasaren bidez animalia hauek modu naturalean barneratzeko aukera berri bat izango dute Xapoketan puzzlearekin. 15 euroan eros daiteke ARGIAren Azokan.

100 piezako puzzle honetan ikusten ahal dira Euskal Herriko ekosistema desberdinetan bizi diren animaliak. Tira, ekosistemak mugaz gaindikoak dira eta Euskal Herriko zazpi lurraldeak eta inguruak harrapatzen dituzten eremuetako bizidunak ezagutuko ditugu. Puzzlearekin batera, gainera, ekosistemen liburuxka dator kaxa barruan; puzzlean ikusitakoa osatu eta gaian sakontzeko. Ekosistema bakoitzean ohikoak diren animaliak ageri dira irudietan, eta informazio gehigarria ere jasotzen du liburuxkak, eremu bakoitzaren ezaugarriekin.

Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Aiartzaguenak, Xapoketan puzzlearen bi egileek, jolas hau abenduaren 5ean aurkeztuko dute Durangoko Azokan, 10:30ean Saguganbaran.

Xapoketan egitasmoa

Ez da bertako flora eta fauna ezagutzera emateko helburuz egin den lehen proiektua. Xapoketan egitasmoa jarri zuen abian ARGIAk 2019an eta karta-joko bat sortu zen lehenik. Aukera anitz eskaintzen zituen mahai-jokoak arrakasta izan zuen. Ez dute, ordea, produktu soil batean gelditu nahi. Egitasmo oso bat dago atzean eta beste pauso bat da puzzlea. Iñaki Sanz-Azkue biologoa, Eñaut Aiartzaguena marrazkilaria eta Lore Erriondo pedagogoa dira proiektuan buru-belarri ibili diren hiru aurpegiak. “Etxeko txikientzat, edota taldean, familian, aiton-amona bilobak jolasean aritzeko egokia da”, diote.

Dibertitzeko uneetan sartu nahi du Xapoketanek, jolas bidez ikasi. Haur eta heldu. Umeen aitzakian makina bat animalia orain arte ezezagun ondoan ditugula jabetuko baikara denok ere.

Nolakoak dira Euskal Herriko baso, goi-larre, hareatza eta padura, itsaso eta itsaslabar, landa eremu eta basamortuak? Zer topa dezakegu bertan?

Osatu puzzlea eta elikatu jakin-mina!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA