‘Txori urdinak’ liburua aurkeztu du ARGIAk Gasteizen

argia
0

Zigor Olabarria Oleaga ARGIAko kazetariak larunbatean (azaroak 27) aurkeztu du Txori urdinak. Espetxearen erretratu bat Santi Cobos presoaren ahotik liburua, Hala Bedi irratiaren lokalean. Alboan izan ditu Cobosen arreba Silvia eta Mitxel Sarasketa preso ohia. Aurkezpena zuzenean emititu du Hala Bedik, eta Zaballako espetxean dauden presoek, Santik tartean, saioa entzun ahal izan dute. 80 bat lagun elkartu dira Gasteizen, Bueno Monreal kaleko 16.ean.

Zigor Olabarria, Silvia Cobos eta Mitxel Sarasketa. / DosPorDos

Santi Cobosek (Leon, Gaztela, 1968) bizitzaren erdia eman du preso. Pairatu ditu torturak, jipoiak, muturreko isolamendua, FIES sailkapena; burutu ditu hamaika protesta eta ihesaldi saiakera, bahitu ditu funtzionarioak eta poliziak. Bere bizipenetatik abiatuta, espetxe sistema eta zigorraren kultura jo-puntuan dituen kontakizuna osatu du Olabarriak, aurkezpenean nabarmendu duenez.

“Tamalez, Santik ez du hemen egoterik izan”, esan du Olabarriak. “Eskerrak eman nahi dizkiot, liburua egiteko animatzeagatik, eta prozesuan azaldu duen zintzotasunagatik. Gauza pertsonal asko kontatu ditu, baita gauza itsusiak ere, ez da uneoro biktima edo heroi bezala agertzen saiatu, bere buruaz ere gogor hitz egin du”.

Santiren arreba eta “konplize” Silviak hartu du hitza ostean. Umeak zirenekoak ekarri ditu gogora, hiru anai-arrebako familia, pobrezia, Leongo feriak, 25 urteko “espetxez espetxeko tourra” hasi zen garaia, FIES fitxategia, irainak, kolpeak, tratu txar psikologikoa, gose grebak…

Preso sozial eta politikoen arteko harremanaz luze mintzatzen da Cobos liburuan, eta hortik jo du Mitxel Sarasketa preso ohiak: “1978an atxilotu nindutenean ez nekien ezer espetxeaz. Gogoan dut preso politikoak antolaturik zeudela. Preso sozialen mundua Carabanchelen ezagutu nuen, sozialez dudan irudia orduko hura da, nahiz eta kartzela asko aldatu den. Sakabanaketa politikarekin, presoa urruntzen da, bakartu, eta orduan harreman handiagoa izan nuen Santik liburuan aipatzen dituen izen horiekin. Kolektibo desberdinak dira, baina biak ari dira kartzelaren kontra, eta dinamika horretan ezagutu nituen Santik aipatzen dituenak. Gero, ordea, FIES-ekin, gauzak aldatu ziren, zenbait preso hor sartu zituztelako. Juan Redondorekin harremanak izan nituen, baina leihotik leihora; ez dut ezagutzen!”. Sarasketak dioenez, preso sozialez aritzean, asko hitz egin da mutinez, bahiketez, ihesaldiez… “baina, nik zera azpimarratuko nuke: politikoekin izandako elkartasuna, elkartasuna agertzea zigorturik dagoenean espetxean”. Adibide bat ekarri du gogora: “Politiko bakarra sartu dute FIES bunkerretan. Berak kontatzen du Paco Ortizen [gerora bere buruaz beste egin zuen preso sozialaren] laguntzari esker atera zela handik bizirik. Galeria horiek, kartzela baino gehiago, dirudi zaudela mafia-talde baten eskuetan bahituta”.

80 bat lagun bildu da Gasteizen, Hala Bedi irratiaren lokalean / DosPorDos

Halaber, Cobosek “ariketa potentea” egin duela dio Sarasketak. “Sentimenduak kontatzea, jasandako tratu txarrak, oso gogorra da, normalean horrelakoez hitz egitean negarrez hasten gara”. Bukatzeko, espetxearen “abolizioa” edo behintzat “eredu aldaketa” aldarrikatzea inportantea dela adierazi du.

Santiren hitzak

Ostean, Zigor Olabarriak Santi Cobosekin grabatutako elkarrizketaren dozena erdi audio labur entzun dituzte aurkezpenean bildutakoek. Une batean, Silvia arrebak hartu du hitza: “Anaia entzuten ari naiz… Jakin nuenean Zamorako presondegian mutina gertatu zela, pentsatu nuen: ‘Ziur Santi tartean dela’. Galdetu nien: ‘Nire anaia hor dago?’. Eta erantzuna: ‘Bai, eta bertan hilko dugu’. Pasa zen denbora, bi hilabete inguru, eta Santiren berririk ez. Valladolidera eraman zutela esan ziguten arte. Joan nintzen bisitan eta, buruan hamaika grapa, hanka bat hautsita, arrastaka zekarren, alboan bi kartzelero, ez zait sekula ahaztuko. Gauza bakarra esaten zidan: ‘Gogoratu hauen aurpegiez, zerbait gertatzen bazait ere’. Presondegiko medikuek eurek ere jo zuten, bazekiten nola kolpatu…”.

Elkarrizketako audioen ondoren, Santiren ahotsa berriro ere, duela egun gutxi telefonoz grabatua. Euskarazko agur eta esker on hitzak tartean. Jarraian, mikrofonoa eskaini zaio Santi agurtu nahi zuen orori, jakitun kartzelatik zuzenean entzungo zituela hitzok. Hiruzpalau lagun mintzatu zaizkio.

Amaitzeko, liburuko pasarte batzuk errezitatu-musikatu dituzte Ziklone taldeko kideek, mahaiaren bueltan mokadutxoa egin aurretik.

 

– Liburua erosi nahi baduzu ARGIAren azokan daukazu.

– Liburuaren harira elkarrizketa Zigor Olabarriari eta Santi Cobosi (PDF)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA