Efemerideak irakurri… edo entzun

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIAren egutegiko efemerideek badute formatu berri bat. Dagoeneko ezagutzen dugu paperekoa, duela gutxi jarri da martxan interneteko kanala, eta 2022a hastearekin batera jakin genuen Youtuben ere hasia zela bateren bat egunean eguneko efemeridea zintzilikatzen. Maider Ansa Zugarramurdi aranoarra ari da lan horretan, bere kasa, eta galdetu diogu nola heldu zion zeregin horri.

“Lokuzio ikastaro bat egiten hasi nintzen eta grabazio aparatutxo bat erosi nuen. Probak egiteko testu labur batzuk nahi nituen eta urtea hasi zenean, gehiago pentsatu gabe, egutegiko efemerideak irakurri, grabatu eta interneten elkarbanatzen hasi nintzen”, horra bere erantzuna. Efemerideek badute formatu berri bat, irratsaio bateko atal moduan entzuteko modukoa dena, eta badute erabilera berri bat ere. Jakinekoa zen etxean egunero orrialdea pasa eta atzealdea irakurtzen dutenak ez direla gutxi. Kitz Mendiola Lapuebla de Labarkako irakaslearen kontakizuna ere bildu genuen orain urtebete inguru esanaz ikasleekin Historia Garaikideko klaseak emateko baliatzen duela egutegiko materiala, eta orain badakigu lokuzio ikastaro baten praktikak egiteko ere balio dezaketela historiako dosi txiki hauek.

Ansak ikasketa pertsonalerako erabiltzen ditu efemerideak. Urte hasieratik bere egunerokoaren parte bilakatu diren grabaketa hauen zabalpena egiteko ez du asmo handirik izan eta “lotsa puntu bat” ematen diola aitortu digu, “ez bainaiz oso iaioa gauza hauetan”. Dena den, badu bere publiko txikia. Hasteko, lagunak. Zer ginateke haiek gabe! Baina tartean badira jarraitzaile batzuk ere, arazo teknikoren bat izan duenean abisua pasa edo bestelako aipamenen bat egin diotenak.

Gaitegi zabala dute eguneroko pilula hauek eta galdetu diogu ea zer duen gustukoen. Lokuzioa du entsegu helburu eta umore pixka batekin azpimarratu digu beste hizkuntzetan idatzita dauden leku, pertsona edo elkarteen izenak ahoskatzeko “komeriak” izaten dituela batzuetan. “Nire buruaz barrez aritzen naiz, grazia egiten baitit ni modu horretan entzuteak, baina nola edo hala irakurri eta aurrera egiten dut”.

Ez dakit egutegirako efemerideen formula asmatu zuenak sekula pentsatu ote zuen testu hauen erabilera honetan. Baina batzuei praktikatzeko eta beste batzuei entzuteko balio badie, aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA