Inor bada inor

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Europak badu zer landua, zer hausnartua eta zeri ekina orain ere. Pertsonalki ez naiz oso abila geopolitika kontuetan eta kosta egiten zait pertsona arruntok ikusten ditugun jokaldien atzean dagoen tablero ezkutua ulertzea. Dakidana da interes handi batzuen borrokan mugitzen diren fitxek jendea beren herrietatik alde egitera behartzen dutela. Bai Ukrainan, bai Sirian, bai Ruandan. Ihesean gure auzora datozen pertsona hauen artean, baina, ez al dugu bi mailatako herritarren banaketa egiten?

Beren lurretan bizi ezinak ekarri ditu gurera migratzaileak. Ez dut uste inork gustuz jartzen duenik bere bizia arriskuan itsasontzi zahar batean sartu eta egunak uretan, noraezean pasatzeko. Eta hemen ez dituzte gauzak askoz errazago topatzen. Ilegalak dira. Paperik gabeak. Paperik ez baduzu, ez duzu lanik. Lanik ez baduzu, ez duzu paperik. Ahal dutenean egiten dute lan. Kale-saltzaile moduan ikusten ditugu asko, eta batzuk hasiak dira elkarteetan antolatzen. Mbolo Moye Doole elkartea dugu kasu, ARGIArekin Inor ez da ilegala proiektua martxan jarri zuena duela jada lau urte.

‘Inor ez da ilegala’ proiektuak pauso bat gehiago

Denda fisikoetara egin du salto proiektuak. Orain lau urte serigrafiatu ziren lehen kamisetak eta arrakasta handia izan zuten. Ondoren etorri ziren poltsak eta jertseak. Denak argia.eus atariaren Azoka atalean, internetez salduak, Durangon edo beste postu zehatzen batean saldu zirenak salbu. ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzan denda fisikoa ere ireki dela duela gutxi idatzi genuen, eta nahi duenak aukera izaten segitzen du goizetan hara gerturatu eta ARGIAren produktuak ikusi edo erosteko.

Orain, baina, Inor ez da ilegala produktuak Euskal Herriko bost hiriburutan eskuratu ahalko ditugu. Karrikiri euskal dendan (Iruñea), Epaiska elkartean (Baiona), Mara-mara liburuak-en (Gasteiz), GureHaizeak ile-apaindegian (Donostia), eta Zirika kultur elkartean, La tienda comprometida dendan, Saha dendan eta Laboren (azken lauak Bilbon). Horrez gain, Urdin liburu-dendan (Irun), Basajaun liburu-dendan (Villabona) eta Amillena Arrazolako bentan (Atxondo) ere aurki daitezke kamisetak, poltsak eta jertseak.

Internet bidez azoka.argia.eus atarian, Lasarte-Oriako ARGIAren lokalean edo arestian aipatu saltoki horietan guztietan izango dugu material hau erosteko aukera. Eta hau irakurrita, saltoki edo elkarteren batek bere espazioan materiala salgai jartzeko aukera ikusten badu, deitu dezala 943 37 15 45 zenbakira (ARGIAko bulegoak).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA