Gaia edozein dela ere, solas egin dezagun

argia
0
Koldo Rabadanen hitzaldia, hezkuntzaz, Larraulen. (Argazkia: Estitxu Eizagirre / ARGIA)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Badira urte batzuk ARGIAko kazetariak ikerketa eta lan sakonagoak egin eta horiekin liburuak argitaratzen hasi ziren. Zuloan izan zen lehenengoa, eta gero etorri dira Berdea da more berria, Pape Niang. Hasiera berri bat eta Ez gara neutralak lanak. Argitaratzen azkenak izan dira Bidean, Txori Urdinak eta Sendabelarrek dakitena. Baina ba al zenekien, irakurle, liburuok saltzeaz aparte, egileak herriz herri solasaldiak egiten ari direla.

Landareen inguruko bi izarrek bere martxa daramate. Garbiñe Larrea sendabelarrekin alde batetik eta Jakoba Errekondo etxeko zein baratzeko landareekin beste aldetik, jo eta su ari dira Euskal Herri osoan barna. Bizi Baratzea webguneko agendan daude ikusgai beraien hurrengo hitzorduak.

Guztiz bestelakoa den gai batekin heldu da Zigor Olabarriaren Txori Urdinak liburua, baina hau ere hasia da batean eta bestean Santi Cobos presoaren ahotik jasotako espetxearen erretratua aurkezten.

Beste ikus-entzule estilo batekin, Koldo Rabadan ere ari da batez ere hezkuntza eragileei zuzendutako hitzaldiak, mahai-inguruak eta aurkezpenak egiten, Bidean liburua eskuetan.
Libururik argitaratu gabe dagoeneko hitzaldiak eskaintzen hasia denik ere bada taldean. Ezin desaprobetxatu Elkanoren mundu bira sonatuaren 500. urteurrena, haren tripa ustelak ateratzeko. Elkanoren munduari bira emateko. Axier Lopez ari da lan horretan.

‘ARGIAren solasaldiak’ atala webgunean

Astero ekarri ohi dugu orrialde honetara hitzaldi horien agenda. Baina orain, ARGIAren webgunean ere toki bat egin diote Argiaren solasaldiak atal berriari; interesatuek modu erraz batean jakin dezaten nondik nora dabiltzan eta noiz diren hurrengo saioak.

Herrietako elkarteekin antolatzen dituzte normalean solasaldi hauek. Modu bikaina da hainbat gairen inguruko edukiak jendearengana iritsi, eztabaida eraikitzailea sustatu eta ekarpenak edo iritziak jasotzeko. Gainera, ARGIAren komunitatea ezagutu eta indartzeko beste manera bat ere bada.

Zuen herrian, zuen elkartean horrelako zerbait antolatzeko asmoa duzuela? Idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera eta jarri harremanetan arduradunarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA