Udako lanaldia ARGIAn

argia
0
Maddi Viana donostiarra ARGIAn ari da praktikaldia egiten (argazkia: Eneritz Arzallus)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Maddi Viana Zubimendi. @maddi76_ izenez ezagutua Twitterren. Donostiakoa da, Egiakoa, justuagoak izanda; 24 urte egin berria da eta ARGIAn ari da ekainaren 1etik lanean, unibertsitateko karrera egiten ari den bitartean praktikaldia egiteko aukera aprobetxatuta. Uda osoa pasako du Lasarte-Oriako egoitzan eta hasiera nolakoa izan den galdetu nahi izan diogu.

“Gustura” dago erredakzioan topatu duenarekin, “jendea beti dago laguntzeko prest eta oso giro ona dago taldean”, azpimarratu du. Praktikaldia modu desberdinetara antola daiteke, lan batzuk distantziara egin, telelan bidez, Lasarteko egoitzatik oso gertu bizi ez direnentzat hori arazo bat izan ez dadin. Baina berak nahiago du egunero bertaratu: “Erredakzioan egoteak beste harreman batzuk sortzen ditu eta lanean ere zentratuago zaude, gaiak ateratzen dira, hitz egiten da gauza askotaz… etxetik arituta hotzagoa dela iruditzen zait”, adierazi digu.

Kazetaritza ikasketak egiten ari da gaur egun, baina aurretik Lanbide Heziketako ikus-entzunezko ekoizpenari lotutako zikloa ere egina du. Kazetari moduan egiten dituen lehen praktikak dira ARGIAkoak. Aurretik, ordea, ikus-entzunezkoetan espezializatutako Digitalak enpresan ere egina du antzeko egonaldi bat.

Ez da geldirik egotekoa. Ikasketak burutu bitartean egin ditu han eta hemen bere lantxoak ere, bere ikasketei agian oso lotuak joan ez direnak baina bizimodua ateratzen edo, behintzat, lehen sosak eskuratzen laguntzen dutenak. Bizitzan moldatzen ikasteko lehen pausoak. 18-20 urterekin eman daitezkeenak eta gaur egun, tamalez, kasu askotan atzeratzen ari diren lehen pausoak. Kalean ere aritzen da lanean, auzoan, herrian, asko ikasten den kobratu gabeko lan horietakoetan.

Bitartean, ez ditu albo batera utzi ikasketak eta lan profesionalera salto egiteko dituen aukerak. Unibertsitatean egindako lanen bat ere beste aldizkari batean argitaratu ahal izateko lanean ari dira.

Datorren urtean bukatuko du goi mailako ikasketetako ibilbidea. Gradu amaierako lana du oraindik egiteko, baina ideia dagoeneko argi du: telesail bat bikoiztuko du. Ez dira euskarazko bikoizketaren urrezko urteak eta, bereziki horregatik, hutsunea ikusten duelako nahi dio karrerako azken lanari ildo horretatik tira. Helburua, egindako lana publiko egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA