Zibererasoa ARGIAren aurka

argia
0

Igande gauetik ARGIA eraso informatiko bat jasaten ari da. Milaka eskari jasotzen ari da gure zerbitzaria, webgunea botatzeraino. Gure informatikariak buru-belarri ari dira erasoari aurre egin nahian, guk herritarrak informatzeko, eta herritarrek informatuak izateko eskubidea bermatzeko ahaleginean.

ARGIA hedabideak 60 ordu baino gehiago daramatza zibereraso anonimo bat jasaten webgunean. Igandeko 22:11tik, gure webgunea DDoS edo Zerbitzu Ukapenaren Eraso banatu baten biktima da. Zer da hori? Eraso informatiko bat, oinarri duena IP helbide ugaritatik eta bot-ak erabiliz, informazio eskaerarekin zerbitzaria saturatzea.

Igande gauean bertan ohartu ginen zerbait ez zihoala ongi, eta arazo teknikoak zirela pentsatu genuen. Astelehen goiz osoan ezin izan genituen informazioak publikatu eta arratsalde erdialdean une batez webgunea berrezarri eta prest genituen albisteak argitaratu bagenituen ere, berriro erori zen webgunea. Astearte osoan ezin izan dugu gure lana ongi egin, eta asteazkenean ere ez, ARGIAko webgunean sartu ohi diren lagunek ikusiko zutenez.

Asteazkenean baieztatzeko moduan gaude ez dela gure webgunearen arazo teknikoa. ARGIAren aurkako zibererasoa da.

Kazetaritza independentearen aurka

ARGIA ez da halako erasoak jasan dituen hedabide bakarra. Orain urte erdi bat Espainiako hedabide independente ugarik antzeko erasoak jasan zituzten eta beren webguneak saturatu zituzten. Hori azaroaren 20aren bezperan hasi zen, Franco hil zen egunaren aurreko gauean. Oraingo gure erasoa uztailaren 18aren bezperan hasi da, Espainiako faxismoak estatu kolpea eman zuen eguna, egun seinalatua Espainiako eskuin muturrarentzat. Halere, orain arte daukagun informazioarekin ezin da baieztatu horrekin dagoenik lotuta erasoa.

ARGIAn bi frontetan ari gara lanean orain. Batetik, erasoari aurre egin eta gure webgunea zutik mantentzen. Baliteke egunotan oraindik arazoak izatea ARGIAra sartzean. Erasoa nondik datorren –oraingoz atzerritik datorrela baieztatu daiteke argi– eta atzean nor dagoen ikertzen jarraituko dugu. Bestetik, paperean egiten dugun lanaz gain, lanean jarraitzen dugu interneten, egunerokotasunari erantzunez, ikuspegi independente batetik informatzen gure inguruan gertatzen diren eta garrantzitsu jotzen ditugun gertaerei buruz.

ARGIAren aurkako zibererasoa informazio eskubidearen aurkako erasoa da, eta beraz, denon askatasunaren aurkako erasoa.

Askotan esan izan dugun bezala, zenbat eta gehiago izan, orduan eta indartsuagoak gara. Gure proiektua babestu nahi baduzu, ARGIAko kide egitera animatu nahi zaitugu. Askotan esan izan dugun bezala, ez gaituzte ez kikilduko, ez isilduko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA