Net Hurbil: 20 urteko oinarriarekin, etorkizuneko munduari begira

argia
0

[Urko Apaolaza Avila] Jabetuko zinen, irakurle, opor aurreko azken astekarian ohar berezia zekarrela Net Hurbilek, testuaren amaieran. Pello Zubiria Kaminok sail horretako artikuluak idazteari utziko dio: “Lankide gazteago eta indartsuagoei heldu zaie txanda”, dio kazetari beteranoak. Hala ere, oraindik ikusiko duzue noiz edo noiz Zubiriaren sinadura aldizkari honetan, izan paperean zein interneten, aktualitate zabala analizatzen duten begiradak ekartzen. Azken hiru urtetan Zubiriarekin txandaka aritu den Jenofa Berhokoirigoinek jarraituko du Net Hurbil idazten, eta berekin batera ariko dira hemendik aurrera Nikolas Goñi eta Urko Apaolaza, artikulu honen sinatzailea.

Ez da nolanahiko aldaketa. Hogei urteko lan eskerga du atzean Net Hurbil idazten Zubiriak egindako ibilbideak, ia mila artikulu. Hemerotekara bidaia azkarra eginez gero, 2002ko urriaren 6raino joan gaitezke atzerantz, ARGIA astekarian “Net Hurbil” hitz jokoa lehen aldiz aurkitzeko, “Mundua” etiketaren azpian. “Herri txiroen kanpo zorra europarron kontua ere bada” dio artikuluaren izenburuak: Yankee go home! oihukatu bai, baina europarrok herrialde pobreen hartzekodun nagusiak izanik ez geundela beste aldera lasai begiratzeko zioen kazetariak, ohartaraziz denbora kontua izango zela irailaren 11ko AEBen kontrako erasoaren atzean zegoen gorrotoa Europara ere zabaltzea, gerora ikusi genuen bezala. Zubiriak gertatzen ari zena ulertzen asmatu zuen Net Hurbil horretan, ondoren askotan egingo zuen gisan.

ARGIA lehenengotakoa izan zen bere edukiak sarera igotzen 1997an, eta pixkanaka astero-astero hainbat artikulu eskaintzen hasi zen euskarri horretan, tartean Net Hurbilak –igandetan webgunea eguneratzeko eta aberasteko balio zutenak–, erabilitako iturrien hipertestu eta erreferentzia ugarirekin. “Orduan, sarritan, El Temps aldizkari katalanaren nazioarteko erreportajeak itzuli eta argitaratzen genituen”, azaldu du Xabier Letona garai haietan zuzendari jarri berriak. Hala, nazioarteko gaiak jorratzeko beste modu bat ekarri zuen sailak: “Pellok zioen internetek mundurako ate bat ireki ziola etxetik irten gabe”, dio Letonak. Testuingurua garrantzitsua da. 1999ko Seattleko Munduko Merkataritza Erakundearen eta 2001eko Genovako G8ren gailurretako protestek, baita 2003ko Irakeko inbasioaren aurkako manifestazioek ere, globalizazioaren kontrako mugimenduaren indarra erakutsi zuten; ordutik, jaio berria zen altermundialismoari jarraipen zorrotza egin zitzaion orrialde hauetatik.

Genovako 2001ko G8-ren kontragailurreko protestetako bat. Altermundialismoa indar betean zenean hasi zen Net Hurbil saila. (Argazkia: Wikipedia)

Xumea, jasangarria, zorrotza

Herrialde askotako iturri alternatiboak erabiltzea izan da Net Hurbilen gakoetako bat, blog edo egunkari erreferentzialak izatea oinarri, ekologiatik, ezkerretik, ikuspegi sozial batekin egindakoak. Milaka kilometrora gertatu den historia zehatz edo xume batetik abiatuz, gurerako eta mundu osorako balio duten lezioak azaltzen saiatzea. Eta hogei urteotan jasangarritasuna kazetaritzara ere eraman du sailak: bi edo lau orrialdeko artikulu mamitsuak, lastorik gabe, tartekirik mugitu gabe, irakurlea esaldiz esaldi edukian harrapatzeko moduan idatziak.

ARGIAko erredakzioan, kazetariok maiz miretsi izan dugu Pelloren abilezia etorkizuna astindu duten aldaketa tektonikoei aurre hartzen dieten irakurketa zorrotzez jabetzeko. Atzeraldi Handiarekin egin zuen bezala. 2007ko abuztuaren amaiera zen, eta opor osteko lozorrotik esnatu gintuen, AEBetan gertatu berri zen debtonation edo zorraren leherketaren inguruan Open Democracy gunean Ann Pettifor ekonomialariak egindako ohartarazpena nabarmenduz: “Komunikabide gehienetan oraingo ekaitza aurreko urteetako azken burbuilekin eta krisiekin alderatzen dute adituek. Ann Pettiforrek, aldiz, konparaketak 1929ko Depresio Handiarekin egin behar direla uste du”. Hortik urtebetera Lehman Brothersen kiebra, burtsen hondoratzea, eta herritarrak oraindik pagatzen ari garen krisia etorri ziren.

Klima larrialdia, pandemia, XXI. mendeko geopolitika “berotu” behar duten gas naturalaren inguruko gatazkak… Ez dira gutxi Zubiriaren lumatik eta Net Hurbilen lupatik pasatako gai kezkagarriak, baina baita alternatibak eskaini nahi dituzten adibideak ere; azkena kaleko baratzeei buruzkoa, ortu txikiak lantzea klase ertainetatik harago “herritar ororen eskubide” izan behar lukeela diotenei kasu eginez.

Irakasgai horiekin eta hogei urteko oinarri sendoa atzean dugula ahaleginduko gara, hemendik aurrera ere, irakurle, Net Hurbilarekin etorkizuneko munduari begiratzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA