[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zenbat esanahi, zenbat interpretazio izan ote ditzake txori hitzak. Zenbatetan erabili ote da, zenbat abestitan, zenbat testutan, zein modu desberdinetan, zenbat zentzutan, hitz bera. Askatasunaren iragarle, baita sarraskiarena ere. Joan liteke hegan nahi duen lekuraino, lau pareten artetik ihesi, buruz bada ere; jaurti ditzakeen bitartean, baita ere, herri oso bat kiskaliko duten bonbak. Eta denak txori. Espetxeaz hitz egiten du txori urdinak. Kartzelaren erretratu bat jaso du Zigor Olabarriak Santi Cobos presoaren ahotik.
Urria bukaera aldera aurkeztu zuten liburua Gasteizko Hala Bediren lokalean eta orduz geroztik Durangon, Iruñean, Bilbon, Donostian, Baionan, Ortzaizen eta Gasteizko Errekaleor auzoan izan dira liburuaz solasean. Liburuaz, eta aitzakia hori probestuz, espetxe sistemaz, zigorraren kulturaz, gatazkak mendeku eta biolentzia bidez konpontzeko ditugun moduez, hausnartu nahian. Hori baita, hasieratik, liburu hau egitearen helburua.
Liburua idazten ari zirela espetxeratu zuten berriz Cobos eta ezin du aurkezpenetan izan, beraz, beste modu batean presente egoten ahalegintzen dira: jartzen dituzte argazkiak, libururako grabatutako elkarrizketen audio zatiak… Santiren eta Zigorren artean azaltzen dute pixka bat liburua eta Olabarriak berak hausnarketarako bidea irekitzen du espetxe sistemaren eta zigorraren kulturaren inguruan. Segidan gonbidatuaren txanda –aurkezpen guztiak espetxearekin edo zigorraren kulturarekin erlazionatutako lagun baten eskutik egin baititu Olabarriak, gehienetan preso ohiak–. Eta honek ere hitz egiten du kartzelaz, baina bakoitzak bere moduan: batzuek bizipen pertsonalak kontatzen dituzte, espetxe sistema analizatzen dute beste batzuek… Bakoitzak bere moduan, eta horrek egiten du berezi.
“Liburuaren bigarren helburua ere bazen kartzelan sortzen diren preso sozialen eta preso politikoen arteko harremanak eta elkartasuna ikusaraztea. Espetxeak hori asko zigortzen du eta beti saiatzen da horiek mozten, banatzen. FIES baten liburuaren aurkezpenean preso politiko ohiak egotea jada bada zubi horiek eraikitzea eta polita izan da hori”, azaldu digu egileak.
Formatu desberdinetan egin izan dute eta egin daiteke aurkezpena. Modu ohikoago batean, denok errazago irudikatzen dugun eran, bi hizlarik beren diskurtsoa bota eta galdera-erantzunen tartea irekiz, edo modu musikatuan, Ziklone taldeak libururako pasarte hautatuekin prestatutako abestiekin. Inork interesik izango balu bere herrian, elkartean, horrelako solasaldiren bat antolatzeko, solasaldiak@argia.eus helbidera idaztea bezain sinplea da eta berehala jarriko dira zurekin harremanetan.