Ikasturte berriarekin aurpegi berriak

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Batzuk joan eta besteak etorri. Bizitzaren legea ere horixe dela esan dezake inork, baina hain filosofiko jarri aurretik kontatu nahi dizuet nola aurkezten den iraileko panorama astekarian. Aldaketa bat baino gehiago izan ditugu uztailetik hona, irakurlerik finena jabetuko zen honezkero. Pello Zubiriak pasa du Net Hurbilen testigua –kontatu zitzaizuen xeheago aurreko astekari batean–. Ez da ordea mugimendu bakarra. Zer da, irakurle, hemendik aurrera topatuko duzuna?

“Panorama” atalean Gorka Bereziartuak lehenik (Fauna publikoa) eta Santi Leonék ondoren (Gaizki erranka) abiatutako sailari jarraipena emanez hiru urteko ibilbidea egin duen Aritz Galarragak (Humanitatearen une gorenak) osatu du bere zikloa, eta lehendik ere ARGIAn kolaboratu izan duen Uxue Apaolazak beteko du hutsunea hemendik aurrera, Materialismo histerikoa izenarekin.

Sail berezia da, definitzen oso erraza ez den zerbait. Analisia, iritzia… Gaiaren inguruko errepasoa egiten ari nintzela irakurri dut Galarragak orain hiru urte –Komunitatean bere aurkezpena egin genuenean– erantzun zidana, eta definizio ona iruditu zait: “Aurkituko ditu, izenburuak ondo dioen moduan, humanitatearen une goren batzuk, alegia, eguneroko bizitza arruntaren gorabehera ezdeusak, gauza txikiak, aktualitatearen diktaduratik urrundu, eta inguruko errealitateari begiratuko diotenak. Ezinbestean agertuko dira hala irakurketak, lagunarteak, kotidianitateak eskaintzen dizkigun sorpresa atseginak (eta ez hainbeste)”. Horixe izango da Uxue Apaolazaren lana.

Iritzietan, iazko kurtsoan utzi zuten urte askoan aritu diren Imanol Alvarezek eta Eneko Olasagastik, baita June Fernandezek eta Laura Mintegik ere. Hasi, berriz, Hiruki Larrosa, Tere Maldonado, Arantza Gutierrez eta Andrea Bartolo hasi dira.

Argi-Kontra” da aldaketak dituen beste atala. Gai zehatz bati buruzko galdera/erantzun motz eta zorrotzez osatzen den elkarrizketa. Leire Regadasen eta Ander Perezen sinadurak botako ditugu faltan eta ordezkatuko dituzte Izar Mendigurenek eta Olaia L. Garaialdek. Zorteko dira Unai Brea, Saioa Baleztena eta Aitziber Zapirainen lanak gustura irakurtzen dituztenak, gurean jarraitzen baitute.

Ongi etorriak denoi eta zuk, irakurle, goza ezazu buru eta esku berriez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA