Harreman interesatuak dira baratzekoak

argia
0
Agendaren Alegiako aurkezpenean, ezker-eskuin: Eñaut eta Unai Agirre, Jakoba Errrekondo,
Antton Olariaga eta Iñaki Sanz-Azkue. Aretoak betekada hartu zuen. (Argazkia: Mikel Olabide)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Alegian aurkeztu dute ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak kaleratu duen Ilargia eta landareak 2023 agenda, eta dagoeneko eskuragarri dago Argia.eus-eko Azokan. Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga egileak izan dira bertan, Iñaki Sanz-Azkue biologoak eta Eñaut eta Unai Agirre bertsolariek lagunduta. Aurkezpen berezia izan da, landareez eta bioaniztasunaz aritu dira hitzez, eskuz eta bertsotan.

Laneko edo etxeko oharrak apuntatzeko betiko agendaren erabilera izateaz gain, ilargiaren gorabeherak azaltzen ditu, eta baita ilargiaren arabera garai zehatz bakoitzean landareekin egin beharreko lanak ere, bai baratzean, basoan, fruitu-arbolatan eta lore baratzean.

Gai bat izaten du ardatz urtero agendak. Animaliak aurten. Baratzean aurki ditzakegun intsektu, anfibio, narrasti, ugaztun eta hegaztiak. Harreman interesatuak. Horretaz aritu da Iñaki Sanz-Azkue biologoa, bioaniztasunak baratzean duen garrantziaz, eta alderantziz ere bai, baratzeek bizilekua eta bazkalekua eskaintzen baitiete polinizatzaile, hegazti eta abarri. Azaldu du zenbat eta bioaniztasun handiagoa izan, izurriteei aurre egiteko baratze osasuntsuagoa izango dugula; esaterako, txori klase bakoitzak era bateko mokoa duenez, batzuek intsektu batzuk eta besteek besteak jaten baitituzte.

Jakoba Errekondok elikadura burujabetzaren gaiari heldu dio, agendak hori ere sustatzen baitu. Adierazi du: “Orri bakoitzean agertzen da garai horretan zer den Euskal Herrian eginda jan dezakeguna, marrazki bidez. Etxera hor agertzen ez den barazki bat ekarri badugu jateko, esan nahi du kilometro asko eginda etorri dela”.

Olariagak azaldu du umoretik landu nahi izan duela agenda. Hasteko, sortzaileak ondo pasa dezan eta, noski, irakurleak gozatzeko. Animalia bakoitza ingurune batean kokatzea deliberatu du, eta animalia bakoitzaren izaerak eskatzen zuen eszena edo istorioa sortu du, animalia bakoitzari orri osoko “biñeta” edo “piztiarioa” osatuz. Adibidez, enarak eta sorbeltzak azafata lanetan jarri ditu, eta sagarzale amorratua den trikua, jatetxe batean menua hautatzen.

Unai eta Eñaut Agirre anaiek bertso zaharren bidez borobildu dute emanaldia. Pedro Mari Otañok txepetxari jarritako bertso sortak, horri erantzunez Zubietako (Gipuzkoa) Motza-k jarritakoak eta Iñaki Muruak sagarrondoez jarritakoak aditzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA