Pantailetatik jasotzen dugunak hizkuntza ohituretan “zuzeneko eragina” duela iritzita, astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta horretarako dauden zailtasunez ohartarazteko xedez abiatu du Pantailaldia ekimena Pantailak Euskaraz elkarteak. Azaroaren 11tik 18ra bitartean izango da, hain justu Euskaraldiaren atarian, eta parte hartzeko Pantailakeuskaraz.eus atarian eman daiteke izena. Beste hainbat jarduera ere egingo dituzte egun horietan, eta azaroaren 13an protesta bat egingo dute, euskaldunek zinemetan bizi duten “diskriminazioa” salatzeko.
ARGIAk bat egin du ekimenarekin. Izan ere, Pantailaldia bezalako ekimenak bete-betean datoz euskarazko edukiak ahalik eta gehien zabaltzeko egiten dugu ahaleginarekin. Bada hamarkada bat baino gehiago gure webgunean dokumentalak, hitzaldiak, ekitaldiak eta film-laburrak eskaintzen hasi ginela, libre eta doan euskaraz ikusi ahal izateko. Gaur egun, komunikazio proiektu hau babesten duen komunitateari esker, ehundaka ikus-entzunezko ditugu nahieran ARGIAren multimedia kanalean.