Denok eskubide berak izan ditzagun

argia
0
Aurten ere Durangon izango da Argia, Mbolo elkarteko lagunekin ‘Inor ez da ilegala’ aldarria daramaten poltsak eta arropak saltzen kanpoaldean; aurtengo berritasuna, kaputxadun jertsea da. (Argazkia: Dani Blanco)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aspaldian sarri ikusten dut kalean Inor ez da ilegala aldarria. Poltsan idatzita ez bada, jertsean; eta jertsean ez bada, kamisetan. Kolore askotan. Kolore guztiek, edozein izanik ere, eduki beharko baikenituzke eskubide berak. ARGIAk eta Mbolo elkarteak duela lau urte hasitako kanpainak arrakasta du Euskal Herrian.

Baba Mbaye, Khadim Sambe eta Boubacar Diouf 2018an ezagutu genituen Bilboko kale-saltzaileen egoeraz Mikel Garciak astekarirako egindako erreportaje batean. Hala zioen hasierak: “Baldintza guztiak bete dituzu herritar legal bihurtzeko (kontzeptua bera gogorra da), autonomo gisa kotizatzen zabiltza kale-saltzaile, eta bat-batean administrazioak esaten dizu irabazi dezakezuna baino gehiago kotizatzen ez baduzu, berriz ere paperik gabe utziko zaituela, berriz ere poliziaren aurrean ihes egitera kondenatuko, Afrikara itzularaziko. Horixe egin berri dute Senegaletik migratu zuten kale-saltzaileekin. Bilbon bizi diren horietako hirurekin hitz egin dugu”. Egoera horren aurrean kooperatiba bat sortzeko asmoa aurkeztu zuten eta horretarako dirua behar, eta besteren artean ARGIArekin kamiseta salmenta jarri zuten martxan, irabaziak erdibana banatuz.

Bi urtera heldu zen pandemia eta aldatu ziren beharrak. Dirua erresistentzia-kutxa bat sortzeko erabili zuen Mbolok eta gehien behar zutenentzat bideratu zuten bildutako sosa.
Lau urteko ibilbidean produktu desberdinak kaleratu dituzte. Kamiseta grisak izan ziren lehenak eta ondoren etorri ziren poltsak –edizio bereziren bat ere bai–, beste kolore batzuetako trixertak, petatxu bordatuak, eta kaputxadun jertsea da nobedadea.

Non eskuratu?

Erosteko aukera dago ARGIAren Azokan eta Durangoko Azokan ere izango dira produktuok salgai. Kanpoan jarriko da postua eta bertan izango dira bai ARGIAko eta bai Mbolo elkarteko lagunak, arropa eta poltsak saltzearekin batera martxan duten proiektua azaltzeko prest.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA