Sendabelarrek espazioa merezi dute

argia
0
Garbiñe Larrearen “Sendabelar baratzea” argitalpenaren aurkezpen hitzaldian 55 lagun inguru batu ziren.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Azaroak 26, larunbata. Ordurako bete da Hernaniko Plaza Feministako aretoa. Eta sarri ez bezala, ordurako hasi da Garbiñe Larrea Iturralderen azken liburuaren aurkezpena. Han da bera, landareen babesean, hamabi sendabelarrez osatutako palaxuaren atzean. Iridiologo batentzat ezin aproposagoa eman diote itxura Sendabelar baratzea. Urte osoa loretan liburuari. Polita da, berezia, egitea proposatzen den baratzea bezalakoxea.

Liburuaren errepasoa egin du egileak, landarez landare geldialdia eginez eta bakoitzaren berezitasun edo azpimarratzekoak aipatuz. Gehiegi luzatu gabe, esplikatu du zergatik eta nola egin biribila, horrelako espaziorik eduki ezean balkoiak ere ematen dituen aukerak eta paso eman die bertaratutakoen galderei, esplikatutakoa praktikan jartzera joan aurretik. Bideo honetan ikusentzun daiteke hitzaldia osorik:

Hitzaldiaren ostean, han bildu gara, Plaza Feministaren atarian, lur-mutur baten bueltan, Garbiñek inguratutako hamabi sendabelarrak landatzeko. Denon artean osatu dugu baratze berria eta pasa gara sukaldera malba tortila dastatzera. Ez nuen berehalakoan pentsatuko hain gustura jango nuenik!

Malba tortilla dastatuz ospatu dute argitalpen berria.

Lore erlojua inspirazio iturri

Carl von Linneo naturalistaren lore erlojuari begira jarrita otu zitzaien biribila egitea eta urtaroka antolatzea, hilabete bakoitzeko sendabelar bati leku eginez. Hori bai, lekuaren arabera eta klimaren arabera sendabelar hauek ez dira erlojuaren hurrenkeran helduko. Halako perfekziorik ezin eskatuko diegu!

Sendatzeko baratzea lantzen lagunduko digun liburu biribil honekin geure beharretara egokitzen diren sendabelarrak landuz osasuntsu egoteko behar ditugun erremedioak prestatu ahal izango ditugu. Hasberrioi zaintzen lan handirik emango ez diguten hamabi sendabelarren baliabide terapeutiko, kosmetiko eta gastronomikoak ekarri dizkigu Garbiñek orri hauetara.

Garbiñe Larrea Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministaren atarian sendabelar baratzea landatzen.

Durangoko Azokan erosteko aukera duzu eta bestela lasai, eskuragarri duzu azoka.argia.eus-en. Sendabelarren inguruan hitzaldia edo sendabelar baratzeari buruzko tailer praktikoa antolatu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan bizibaratzea@bizibaratzea.eus helbidera idatzita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA