[Itsaso Zubiria Etxeberria] Inork ez zidan esan, ARGIAkoa izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea El Diario Vasco-ren irakurle izatea… Bai, arrazoi duzu, irakurle. Ruperri lapurtu dizkiot hitzak, pixka bat moldatuta. Baina sarri burutik pasa izan zaidan ideia islatzeko balio dit. Balio. Horiek lanak ematen dizkigutenak. Ez da erraza balioetan oinarritutako bizitza bat eramatea. Bizitza koherente xamarra nahi badugu, bederen. Zenbat kontraesan, zenbat buruhauste…
Gure etxea gobernatzearekin nahiko lan ez eta jendea konbentzitu behar, gainera! ARGIAk harpidetza kanpaina berria jarri du martxan eta barruko zalantzak, zailtasunak, kontraesanak eta korapiloak erakutsi ditu pantailan, umoretsu, ironiaz, komunitateari ARGIA babes dezan gonbita egiteko. Kazetaritza independentea bultzatzeko komunitatearekiko dependentzia aldarrikatzea, ez al da joko polita? Urrutira joan gabe, lehendik ere ARGIAren baloreak ondo ezagutzen dituen jendea da erakarri nahi dena, azken batean jendearen babesarekin lortzen delako kazetaritza independentea egitea eta ekonomikoki ere komunitateko kideen diru-ekarpena baita ARGIAren sostengu nagusiena.
Hiru Damatxok egin ditu bideo-spotak eta kazetari eta langileak jarri dituzte aktore-lanetan. Horrela lortu dute etxeko ateak ireki eta barrua naturaltasunez erakustea. Noski, ahaztu gabe harpidetza kanpaina dela, aprobetxatu dute ARGIAren harpidetza eredu berezia modu sinple eta ulergarri batean azaltzeko; zeina egungo testuinguru sozial eta ekonomikoarekin bete-betean datorren halako eredu bat, elkartasunean oinarritzen dena, eta besteak beste, euskara ofizial ez den tokietan euskara ikasten ari direnei aldizkaria doan bidaltzea bezalako ekimenak ahalbidetzen dituena.
Kanpainako bideoak ikusi nahi badituzu sartu ARGIAren Telegrameko edo Peertubeko kanaletan adibidez, eta hor aurkituko dituzu. Argiago ezin da esan. Egin ARGIAkoa!