Erleekin dantzan

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Izen hori jarri dio Bidasoan sortutako Erleak Salbatzeko Sareak Argia.eus webgunean ireki berri duen blogari. Bailarako erlezainak barroak eta liztor asiarrak azken aldian euren erlauntzetan egindako txikizioarekin kezkatuta, bizi dutenaren berri eman eta ahal dela egoerari buelta emateko neurriak hartzeko hautua egin dute. Bloga irekitzea izan da lehen pausoetako bat.

Itziar Lopezen izena ikusiko dugu lehen lerroan, baina aitortu digu atzetik dituela Juan Mari, Pili, Jesus eta beste hainbat kide, haien esperientziarekin bloga elikatzen laguntzen dutenak. “Azken urtean gutako gehienek gure erlauntza gehienak (edo guztiak) galdu ditugu liztor asiarraren eraso bortitzaren ondorioz eta asko dira kalteen ondorioz erlezaintza utzi duten lagunak”, azaldu digu Lopezek. “Egoerari buelta eman nahian ekintza bat baino gehiago ditugu buruan, baina momentuz liztor asiarrari aurre egiteko lanetan zentratuta gaude. Udaberrian liztor erreginak harrapatzeko tranpak jartzea ezinbestekoa da, gure indar guztia horretan dugu jarrita eta horren berri eman nahi dugu kanal honetan. Baina badira bestelako gai interesgarriak ere, landuko ditugunak: erlezainen egunerokoan sortzen diren egoerak; eta ahal den neurrian urtaroari dagokion horrekin erlazionatzen saiatuko gara. Horrela, erlearen egoeraz, bere zaintzarako teknikez, erlearen gaitzei aurre egiteko baliabideez eta abar aritzeko asmoa dugu”, zehaztu du egileak.

Sarearen garrantzia azpimarratu du. Arazoa ez da Bidasoara mugatzen, eta inguruko erlezain eta eragileekin elkarlanean ekitea ezinbestekoa dela diote. Eragileak, bai, erlearen arazoak denon arazo baitira. Polinizatzailerik garrantzitsuenetakoa den heinean, ingurugiro osasuntsu bat izateko ezinbesteko laguna baitugu.

Barroa, liztor asiarra eta nekazaritza intentsiboa ditu etsai nagusi. Aurre egiteko zer? “Lehenari aurre egiteko erlezainen artean sarean lan egin behar dugu, erlezain guztiak kontzientziatzeko tratamenduak modu egokian egiteko beharra dagoela; bigarrenaren kasuan, hau oso zabalduta dago, eta tranpak erlategietan bakarrik jarriz gero, ez dago zer egiterik. Ezinbestekoa da tranpen “sare” bat egitea, hirietako eraikuntzetan, parkeetan, baserrietan eta abar kokatuz; eta hirugarrenaren aurrean gizarte osoak aukera du sarearen parte izateko, nekazaritza estentsiboko eta bertako produktuak kontsumituz”, azaldu du.

Ongi etorri blogari berriei eta eskerrik asko denon osasunerako lanean aritzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA