[Itsaso Zubiria Etxeberria] Praktikaldian dira oraintxe Leire Rodriguez Garmendia eta Irati Irazusta Jauregi ARGIAn, otsailaren 1ean hasi eta maiatzaren 31ra arte. Beraiekin hitz egin dugu esperientzia nola doan jakin nahian, irakurleek ere gehiago ezagutzeko eta, zergatik ez, antzeko lanaldi bat egitea pentsatzen ari denari amua botatzeko.
Kazetaritzako azken ikasturtea dute biek eta esparru honetan lan egiten duten lehen aldia da. Rodriguezen kasuan, aurretik Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasketak egiten ari zela IKOM komunikazio agentzia kreatiboan aritu zen praktikak egiten.
Ez diet elkarrizketa batera egin, baina antzekotasunak badituzte erantzunetan. Polita iruditu zait biek azpimarratzea lan egiteko era edo antolaketa modua. Erredaktore papera jokatzen duen figura zehatzik ez dago, eguneroko errotazio-sistema batekin funtzionatzen da ARGIAn eta gaur kazetari lanak egingo dituenak bihar editore lanak egingo ditu, edo eguna antolatzeko goizeko albisteen lehen errepasoa egiteko galbahe izatea egokituko zaio, zuzentzaile ez denean. “Lana banatu egiten da”, esan dute biek. “Atentzioa eman dit funtzionamenduak”, azaldu dute.
Praktikaldian ari dena taldean sartzen da, hedabidearen eguneroko martxan. Goizeko 9:00etan eguneko taulan jarrita dauden albisteak gainbegiratu, 9:30ean taldeko bilera egin, lehentasunezko albisteak zein diren adostu eta lanak banatu ondoren, ekin. Lehen albistea sortuta, editore-zuzentzailearen eskuetatik pasa eta webgunean dagoenean, sare sozialetan zabaldu ondoren, heltzen zaio hurrengo albisteari, 13:00ak jotzen dituen arte.
“Gustura” daude Lasarten topatu duten giroarekin, eta lau hilabeteko egonaldia “aprobetxatu” nahi dute; esperientziatik ikasi. Biek dituzte atsegin gizarte gaiak, Irazustak kultura ere aipatu du eta Rodriguezek aldiz politika.
Kazetaritza, beste lan guztiak bezala, arituz ikasten da. Unibertsitateko teoriak sarri urrun egoten baitira errealitatetik. Lanbide bat ikasi, hedabide baten funtzionamendua barrutik ezagutu eta harremanak egiteko unea dute Leirek eta Iratik. Atera zukua egonaldiari eta gero gerokoak.