[Itsaso Zubiria Etxeberria] Maiatzetik hasiko omen dira euskal literatura eta musikaren inguruko ekitaldiak Ziburun, Baltsan elkartean bertan, antolatzaileek azaldu dutenez. Ekainaren 3an, larunbatarekin, egingo da Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka, baina motorrak berotzeko lehen hitzordua gainean dugu.
Hitzen Ahairea ikuskizuna izango da maiatzaren 3an egitaraua irekiko duena, 18:30ean. Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak gidatutako ekitaldian musika/kantua eta literatura/hitza esferak elkartuko dituzte, eta zenbait kantari eta musika taldek erabili izan dituzten testuak kantatu eta poeten arteko harremanak jorratuko dituzte, zuzeneko musikarekin.
Bestalde, Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburuaren aurkezpena izango da maiatzaren 16an, 18:30ean. Ziburuk eta bere inguruak, esan beharrik ez da, badu lotura berezia gaiarekin, euskal errefuxiatu politikoen bizileku izan delako eta badelako oraindik. Beraz, zita garrantzitsu eta segur mamitsua izango da.
Azoka, plazan eta euskaraz
Euskarak ofizialtasunik ez duen lurralde honetan ez da helburu txikia euskara plazara ekartzea, egun batez euskara hutsez bizitzea.
Aurten espazioa pixka bat handituko da, musika taldeei eskainitako bigarren oholtza bat gehituko delako, baina Ziburuko plazan izango da zita. 2023ko berezitasuna: musikari leku gehiago eskaintzea. Besteak beste, liburu aurkezpenez gain, showcase kontzertu-laburrak izango dira aurten, lehen aldiz. Hasieratik izan da lekua musikarentzat ere, baina egia da aurreko ediziotik ateratako balorazioan sentitu zela plaza handiagoa eskaintzeko gogo eta beharra. Hortik kontzertu txiki horien proposamena.
Argitaletxeak eta diskoetxeak ere urtez urte gora doaz. Aurten 36 izango dira denera –iaz 33 izan ziren–.
Aurreikuspen onak dituzte antolatzaileek, pixkanaka urteko hitzordu bezala kokatzen ari da herritarren agendetan eta giro herrikoiaz gozatzeko gogoa sentitzen da literaturzale, kulturzale, musikazale eta euskaltzaleen artean.
Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten azoka honek, gainera, aurten beste babes bat izango du: DoinuEle, sortu berri den euskara hutsezko plazen sarea.