[Itsaso Zubiria Etxeberria] Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.
Brava DJ izenez ezaguna den Sara N’Donga gazte euskaldunari –24 urte besterik ez ditu– 2023ko maiatzean Hör Berlin musika jaialdian parte hartzeko gonbita egin zioten duela hilabete batzuk. DJ munduan nazioarteko plataforma hori erakusleiho ona da eta bere lana erakusteko aukera eskuratu zuen… Horraino nahiko esperotakoa, ezta?
Prestatu zituen bere puskak, abiatu zen Alemaniara eta jada Madrilen zela ezin erantzun egokirik topatu buruan zebilkien galderari: zer jantziko dut nire sesioan? Bisera erabakita zuen, “beti ibiltzen dut bisera eta Berlinen ere ezin zuen bestela izan, bisera gorria neraman maletan”, azaldu digu. Baina, eta arropa? Ze azalekoa, pentsa dezake baten batek, akaso. Egingo dituen musika-nahasketetan pentsatzen aritzeko uneetan horrelako kontuei bueltaka. Baina hotzean pentsatzen jarrita, zer jantziko zenuke zuk, irakurle, nazioarteko mailan horrelako aukera suertatuko balitzaizu? Uste duguna baino gehiago aztertuko genuke momentu horretarako outfita.
Total, piztu zitzaion bonbilla. Lagun bati ikusi zion Inor ez da ilegala kamiseta. “Ostras, horixe da nik jantzi nahi dudana, zabaldu nahi dudan mezua”, kontatu digu DJak. Baina berak lelo horrekin poltsa bakarrik eduki eta kamisetarik ez. Ez ahaztu Madrilen zegoela jada, Berlinerako hegaldia hartu aurreko orduetan.
Berehala egin zituen gestioak, lortu zuen ARGIAko lagun baten telefonoa, aipatu zion egoera eta segituan bidali zioten… diseinua! Horrekin serigrafia denda batera jo eta momentuan egin ahal izango zioten berak nahi zuen trixerta.
Pentsatu eta egin. Unean bertan lana egingo zioten denda topatzea uste baino gehixeago kosta bazitzaion ere, Sarak prest zuen bere sesioan jantziko zuena. Prest zuen munduari zabaldu nahi zion mezua.
Berlinera iritsi eta…
Hegazkinetik jaitsi berritan topatu zuen lehen pertsonetako batek diseinu bereko kamiseta zeraman alemanieraz eta kontatu zion azken orduetakoa. “Diseinua ezaguna da nazioartean, hizkuntza askotan dago egina eta aukera ematen zidan nik nahi nuen mezua euskaraz zabaldu eta aldi berean jende askok zer jartzen duen ulertu ahal izateko”, azaldu digu.
Sara N’Donga ala Brava DJ, plazer bat Inor ez da ilegala mezua mundura zabaltzeko elkarlanagatik.