Gasa ikusezina da, gasbidea ez

argia
0
Ezkerrean, Zuberoako gasbideko obrei Aitor Bayok 1990eko hamarkadan ateratako argazkietako bat, ARGIAren fototekan gordeta. Eskuinean, Itxaro Bordaren ‘Bakean ützi arte’ eleberriaren azala.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Pertsona bat sartu da lurrazpian, inposatutako makroproiektu baten aurrean planto, lekutik pasarazi nahi duten gasbidearen eraikuntza gelditzeko asmotan. Eta gelditu du. Ordurako ondare arkeologikoa ukitua badu ere, gehiago ez suntsitzea lortu du. Izan zitekeen Lezetxiki, izan zitekeen Arkaitz Erreka, edo Aralar. Alemania edo Mexiko. Baina istorioa ez da berria eta 1993ko ekainaren 7ra garamatza, Larrainera (Zuberoa), Ruben Gomez espeleologo eta gasbidearen eraikuntzaren aurkako Gaz-Pars elkarteko kideak Burkegiko meategiaren galerian sartuta egin zuen ekintzara.

Hiru hamarkada pasa dira Zuberoako gasbidearen lanak etenarazi zituztenetik eta urte borobila profitatuz ARGIAk egutegiko efemerideetara ekarri du gertatutakoa. Ordutik hona asko izan dira proposatu –eta aurrera eraman– diren antzeko proiektuak. Ez aurkakorik gabe.

Zuberoan bertan ere mamua ez da uxatua eta berriki egin dituzte 1990eko hamarkadan protesta artean eraikitako gasbidean obra gehiago, uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Ipar Euskal Herriko Hitza-n 2020ko uztailaren 27an argitaratutako “Gasbidearen mamua lurpetik atera da” artikuluan irakur daitekeenez, garai hartan ekintza sonatua egin zuen Ruben Gomez bera da Liginagako auzapeza, eta bere esanetan jadanik duela 30 urte aurkakoen argudioetako bat zen uholdeek gasbidean kalteak egin zitzaketela.

Argazkiak eta Amaia Ezpeldoi

ARGIAren altxorren artean topatu ditugu, fototekan, Aitor Bayo argazkilari eta ARGIAko kolaboratzaile izandakoak gasbide haren eraikuntza lanei ateratako argazkiak. Tamalez oso aktualak izan litezkeenak, ez balitz zuri-beltz salatariagatik –eta hondeamakinez entenditzen dutenek ere segur topatuko dituztela desberdintasunak–.

Paisaia eder eta zulatuari ateratako argazki bat ibili zuen Garbiñe Ubedak, gerora hain ezagun egingo zen Amaia Ezpeldoi detektibearen Bakean ützi arte (Susa, 1994) Itxaro Bordaren lehen eleberriaren portada koloreztatzeko. Eta ez irudia bakarrik, historia idatzita gelditzeko ere eskribitu baitzuen Bordak.

ARGIAren hemerotekan topatuko ditugu orduko borrokaren pista batzuk eta Amaia Ezpeldoi detektibearen eleberriak irakurtzeko aitzakia polita ematen digu. Agian denak balioko digu gaur egungoa hobeto ulertzeko (edo borrokatzeko).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA