Autopistaren ondoan bide-zidorrak

argia
0
Jon Torner Argiako kazetari eta kideak hitzaldia eskaini zuen ekainaren 20an Errenterian, adimen artifizialaren inguruan, UEUk, Badalabek eta Errenteriako udalak antolatutako jardunaldian. Argazkia: Udako Euskal Unibertsitatea

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Humanitate Digitalak Euskal Herrian 2023: Adimen Artifiziala auzitan ikastaroa antolatu dute UEUk, BadaLab-ek eta Errenteriako Udalak elkarlanean, eta ekainaren 20ko saioan Jon Torner ARGIAko kazetariak hitzaldia eskaini zuen, Adimen Artifizialari (AA) kazetaritzatik begiratuz. Gai konplexua da, zarata handia sortu da ChatGPT eta antzerako testu-sortzaile automatikoen inguruan, esaterako, baina eztabaida hasi besterik ez da egin eta euskal komunitatean, euskaraz, zer aukera ditugun aztertzeko parada izan da ikastaroa. “AA hauek perspektiba propio eta gertukoetatik problematizatu eta auzitan jartzea proposatzen dugu”, irakur daiteke ikastaroaren aurkezpenean.

Hekimen euskal hedabideen elkarteak aste pare bat lehenago, hain justu gaiaz hausnartzeko, antolatutako formazio saioa baliatu du Tornerrek han entzun eta ikasitakoak kontatzeko, ARGIAren kodeetatik aztertuta. Erantzunak eman baino, galderak planteatu ditu kazetariak, bere aurretik Miren Berasategi Komunikazioan doktore eta Deustuko Unibertsitatean irakasleak bere hitzartzean ondo aipatu bezala, “altuan pentsatzera” batu baitira bertan.

Adimen Artifizialarena ARGIAn ez da bizi apokalipsi moduan, ez eta dena hobetuko duen errezeta magikoaren moduan ere. Denak bezala, baditu on eta txarrak. Berria den arren, tresna hau iritsi da, etxe atarian dugu, ate joka, baina nola sartuko den hitz egin beharrean gara. Giltzak emango dizkiogu nahi duenean, nahi duenarekin, nahi duen bezala sartzeko? Ala garbi utziko diogu etxea gurea dela, etxe honetan gure arauak errespetatu behar direla eta ezingo duela nahi duena egin? Badugu horretarako baliabiderik?

ARGIAn badira galderak (eta galderekin batera azterketak). Zer aukera daude, esaterako, lizentzia libreen hautuarekin segitzeko? Zer gertatzen da arrakala digitalarekin? Hizkuntza handientzat egindako teknologia hauetan, non geratzen da euskara? Lor al liteke adimen artifiziala demokratizatzea? Energia krisi baten erdian, nondik aterako da hau dena eraiki eta mantentzeko energia? Eta zein lekutan geratuko dira burujabetza teknologikoa, pribatutasuna edo giza-eskubideen bermeak?

Irabazi asmorik gabeko negozioetan sinesten ez duten handiak hasiak dira bidean harrapatzen dutena berena egiten, baina badago beste bide batzuk esploratzeko aukera. Autopistaren ondoan sarri egon ohi da hartzeko bide txikiagorik ere. Errebuelta gehiago izaten dituela? Bai, usu. Baina paisaiak ere politagoak izaten dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA