Hedabideen inguruko CIES inkestaren 2023 urteko lehen olatuak irakurle gehiago eman dizkio ARGIAri, beste behin. Paperean argitaratzen dugun aldizkariaren audientziak gorantz egiten jarraitzen du eta jadanik 67.000 lagunek irakurtzen dute astero ARGIA Hego Euskal Herrian –Iparraldeko datuak gehitu behar zaizkio beraz–. 2015ean 45.000 ziren, hau da, zortzi urtean %33 igo da irakurle kopurua, eta gorantz jarraitzen du.
Papereko prentsa krisian dagoela eta orokorrean egunkarien papereko edizioak irakurleak galtzen ari direla esan ohi da aspaldiotan. Testuinguru horretan, ARGIAk inoizko irakurle gehien ditu. Astero, aktualitatea ikuspegi kritikoz ulertzen lagundu nahi duten eduki sakon eta zabalak argitaratzen ditugu, eta irakurleak estimuan du formatu hori, datuek aditzera ematen dutenez.
Urtez urte ARGIA ekonomikoki gero eta kide gehiagok babesteak ere badu zerikusirik irakurleen goranzko bilakaerarekin. Milesker denoi euskal kazetaritza eraldatzailea zabaltzen laguntzeagatik!