Haria galdu gabe deskonektatu

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Patxadaz irakurtzeko abuztuan etxean jasoko duzun liburuxkaren prozesua ez da hain patxadatsua izaten. C’est la vie, bizitzaren paradoxak. Zein zaila den, ezinezkoa ez esatearren, erritmoa jaistea, erlojuari begira aritu behar dugunean. Martxa bat –edo bi– gutxitu, ibilgailuan lehena sartu, abiadura makaldu, ttor-ttor, eta agorrileko egun beroak gozoago pasatzeko gako batzuk eskaintzea tokatzen zait gaur, irakurle. Bere lana du datorren astean jasoko duzun orri-sortak, baina merezi du hilabeteko deskantsua hartuko duen erredakzioak irakurlea ezer gabe ez uzteko aurretik egindakoak; mamitsua atera da aurtengo Gakoak ere.

Alkoholaren kulturari eman zaio aurtengo azala. Paula Estévez marrazkilariak ilustratua. Festa garaiotan egoki datorrenik ezin uka. Hortik aurrera erreskadan datoz gai denak, gai desberdinak, luzeago edo motzago landuta –ez baitu gehiago edo gutxiago lantzea esan nahi–, erreportaje, iritzi-artikulu edo elkarrizketa modura, nazioartekoak bezala etxekoak, aktualitateari lotuagoak edo atenporalagoak.

Euskara, ingurumena, feminismoa, nazioartea, bidaiak… Aurtengo berrikuntzetan koka genitzake, adibidez, lehen orrialdeak betetzen dituen Librearen ederra edo bukaerarako erreserbatu den Sasien gainetik atalak. Argazkien bilatzeko betiko iturrietatik tira beharrean, aurten 2022an Wikipediara lizentzia libreekin igotako irudirik onenak bezala hautatutako batzuk ekarri nahi izan dira. Ibilbideen gomendioak, berriz, ez dira nobedadea, baina bai hauen aukeraketa; aurten azpiegitura handiek edo problematika batek mehatxatutako inguruak ekarri baitira orriotara.

Gakoak egiteko prozesua

Argia Sariak –urtarrila bukaera aldera– pasa eta hasten dira buruak martxan erredakzioan. Epeak finkatu behar dira, entregak, diseinua, maketazioa noren esku geratuko den, tirada zenbatekoa izango den, publizitatea, diru-kontuak. Hasten da dantza. Kontu teknikoagoak dira horiek, Antza inprimategiko lagunekin bideratzen direnak.

Martxoa alderako, bestalde, erredakzioan egiten da lehen ideia zaparrada, bakoitzak bere arlotik, hamar hamabost gai proposatuta. Gero galbaheak pasa eta hamabi gai aukeratzen dira, eta bakoitzari bere formatua eta itxura ematen zaio; egileak lanari ekin eta ekainaren amaiera alderako dena zuzenduta eta itxita geratzen da.

Goza ezazu udaz, irakurle. ARGIAk haria galdu gabe deskonektatzen laguntzen badizu, gu pozik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA