[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nextcloud. Hori dut aste honetako gaia. Zu agian, irakurle, ni baino aurreratuago ibiliko zara teknologia berrietan eta software librearen kontuetan, eta ezaguna egingo zaizu izena eta izana. Nik zerotik hasi behar izan dut informazio eske, oinarri-oinarritik. Baina ez dut uste bakarra izango naizenik eta niri Eli Pombo Iametza komunikazio eta teknologia enpresako –ARGIA ere parte den Ametzagaiña taldeko enpresetako bat– arduradunak azaldu moduan kontatzera nator albistea.
Hiruzpalau urte izango dira Iametzan teknologia burujabetzaren aldeko apustu kontzientea egiten dutena. Horren barruan sartzen da software librearen erabilera lehenestea, eta partida hori jokatzen du Nextcloud-ek. Software libre hau enpresa eta erakundeetan aplikatzeko lanetan buru-belarri dabil Iametza. Zer da, ordea, zehazki Nextcloud? Modu oso sinplifikatu eta ulergarri batean esateko, Google Drive moduko bat da, datu eta dokumentuen biltegi bat. Baina hori baino gehiago. Drivek ez bezala, bere baitan baititu bulegoko hainbat funtzio kudeatzeko baliagarri zaizkigun hainbat modulu; hala nola, egutegia edo bilera telematikoak egiteko aukera. Eta bezeroaren beharretara modu malguagoan egokitzen daki, pluginen bidez softwarean aldaketak egiteko aukera eskaintzen baitu eta hala, neurrira egindako garapenak lortu.
Informazioa boterea dela badakigu ere, gure informazioa nondik nora dabilen jakitea ez da erraza garaiotan; eskuetatik ihes egiten digu, eman egiten diegu eta gure datuekin betetzen dute sabela eta sakela. Nextcloudekin norbere datuen kontrola norberak izaten jarraitzen du. Hori da Iametzak balorean jartzen duena eta enpresa eta erakundeei eskaintzen diena. “Ez da erraza izaten software librearen gaian sartuta ez dagoen jendeari azaltzea zer abantaila eskaintzen dizkion, orain arte erabili duenaren ondoan” azaldu du Pombok, “baina datuen babesaren gaiak geroz eta jende gehiago kezkatzen du eta segurtasun horrek erakartzen du gehien”, jarraitu du.
Aurten Partner
Partner ofizial figura hartu du 2023an Iametzak eta honekin zerbitzu profesionalagoa eskaintzeko aukera duela azpimarratu dute, “laguntza tekniko ofiziala duena eta erabilera profesional baterako beharrezko berme teknikoak eskaintzen dituena”.
ARGIAko lantaldean jadanik eguneroko lan tresna moduan erabiltzen dute Nextcloud; eta Errenteriako Udala edo Ameztoi Anaiak bezalako enpresa eta erakundeek ere eman dute pausoa. Iametzaren laguntzarekin egin dute aldaketa. Zergatik ez egin apustua? Informazio gehiago nahi baduzue: www.nextcloud.eus ataria kontsultatu.