[Itsaso Zubiria Etxeberria] Menda bikoitza. Izan liteke egun txar baten amaieran etxean hartuko duzun penak kentzeko erremedioa. Normalean baino zama doblea gainean dakarkizunerako analgesikoa. Izan liteke txikle berri baten zaporea ere, zergatik ez. Baina gaur artikulu honetara dakarkiguna da freskotasunez ARGIAk urriaren 9an aurkeztuko duen podcast berria. Menda bikoitza, Garbiñe Larrearen ahotsetik (beste boz batzuk lagun).
“Ez da erraza izenburu original bat asmatzea, izenburu guztiak asmatuta daudenaren sentsazioa duzunean”, azaldu dit Larreak. Zergatik menda eta zergatik bikoitza? Gure imaginarioan usu topatzen dugun sendabelar mikatzaren pentsaera aldatzen laguntzen duelako mendaren freskoak, batetik, eta sendabelar bakoitza bat eta bakarra denaren ideia okerra iraultzen ahaleginduko direlako bikoitzak aditzera ematen duen pluraltasunarekin, bestetik. Familiak osatzen baitituzte landare gehienek. Horrek dakarren konplexutasunarekin. Batzuen eta besteen arteko ezin eramanak eta guzti, izaki bizidun on bezala.
Ez diote egitura zurrun bat eman nahi izan irratsaioari. Bi astean behin zintzilikatuko da, astelehenetan, ARGIAren audio plataformetan eta ordu-erdi inguruko tartea aprobetxatuko dute, landareak oinarri hartuta beti, hitz egiteko saio batean pixka bat sendabelar batez, beste pixka bat garaian garaikoaz, irekiko dute beste tartetxo bat irakurri edo entzundakoari erreferentzia egiteko… eta agian hurrengo batean saio osoa eskainiko diote elkarrizketa bati. Malgutasuna izango du batzuetan zentratzeko, akaso, erremedio praktiko batean eta hurrena, baliteke hitz egitea gure kulturan, kantugintzan, literaturan landareek duten presentziaz.
Naturatik geroz eta urrunago (fisikoki eta kulturalki) bizi garela azken aldian aipatzen ari gara. Ez dakigu identifikatzen egunero ikusten ditugun landareak. Ez dakigu etxe inguruan topa ditzakegun hiruzpalau zuhaitzen izenak esaten. Ikusezintasuna handia da eta eta hori apurtu nahi du Garbiñe Larreak podcast honekin, ate bat ireki jakintzari.
Eneritz Arzallus izango du teknikari lanetan lagun, baina “teknikaria kristal atzera kondenatu gabe”, mikroa irekita izango du eta Arzallusen eleak ere tartekatuko zaizkigu saioan, Rö musika taldearen melodiek eta Ianire Aranzabe eta Oriol Floresen Inork entzuten ez gaituenean abestiak lagunduta.
Gonbidatuen artean, sekretu guztiak plazaratzeko asmorik gabe, Miren Agur Meabe eta Nekane Martiarena.
Urriak 9, astelehena, Menda bikoitza dastatzeko egun aproposa.
1 Iruzkin
Hau poza. Garbiñeri entzutea beti da plazerra. Mila esker