Agenda batek hainbeste joko eman zezakeenik

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nork bere baratzea gehiago ezagutzeko tresna da agenda hau, agenda arrunt baten eran oharrak apuntatzeko erabilera izateaz gain, landareekin egiten ditugun lanak apuntatzeko ere prestatuta dagoena”. Halaxe definitu du Jakoba Errekondok, irakurle, zazpigarren urtez argitaratu eta aurkeztu berri duten Ilargia eta landareak agenda, Garazi Zabaletak egindako elkarrizketan. Ezagutu dugu, ordea, Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak ondutako agendari beste erabilera bat ematen dionik ere.
Goizargi Lakuntza Urangarekin hitz egin dugu. Beti atsegin izan ditu lore eta landareak, baina duela sei urte egindako apustuarekin, gaur egun gertuago bizi du landareen mundua. Pagotxa loradenda ireki zuen 2017an Atarrabian (Nafarroa) eta hasieratik eman nahi izan dio bere ukitua. Landareen inguruko zenbait liburu dauzka salgai, tartean Bizi Baratzea proiektukoak eta euskarari ere bere lekua eman nahi izan dio. Ez da dendako jarduerara mugatzen, ordea. Paz de Ziganda ikastolako guraso izanik, haurrentzako tailerrak eskaintzen ditu ikastetxean. Eskulanak egiten dituzte lore, landare eta haziekin. Eta hemen sartzen da jokoan agenda. Goizargik material eta informazio iturri bezala erabiltzen baititu liburuxkako irudi, esaera eta hitzak. Sagarra landu nahi duela txikiekin? Aprobetxatzen du sagar-klaseen izenak biltzeko eta umeekin, jolasen bidez, horiek aipatzeko. Edo trikua agertzen dela ilustrazio eta aipamenetan? Eguzki-loreen haziak arantza modura erabilita egiten dituzte trikuak eta hitz egiten dute animaliaz. Urtaroez mintzatzea egokitzen dela? Zuhaitzen aldaketekin muralak eginez lantzen dute gaia.
“Haur horietako askok ez dakarte etxetik euskara eta oso ondo datorkigu material hori hizkuntza lantzeko: esamoldeak eta hitz-jolasak ikasteko, zuhaitz, landare eta animalia izenak ezagutzeko”, azaldu digu. “Oso giro hiritarrean bizi naiz eta uste dut hala bizi garela gizartearen parte handi bat; etena izan dugu lurrarekiko, eta agenda honek laguntzen digu lurrari lotzen” aitortu digu.
Ez dauka, “oraingoz”, baratzerik Goizargik eta ez du oharrak apuntatzeko erabiltzen agenda. Baina aurten Atargi Eskola Publikotik egin diote eskaera ikastaro batzuk emateko eta akaso lur-mutur bat utziko dioten itxaropena du. 2024ko agendari beste erabilera bat gehiago emateko aukera suertatuko zaio, agian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA