Jendearengana gerturatu egin behar da

argia
0
ARGIAren postua Etxarri Aranatzen, Nafarroa Oinezen.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Momentu batean mugikorretan modan egon ziren arropa, ibilgailu, elikagai eta beste hainbat produktu ezagunen markak asmatzeko jokoak. Zer pentsatua ematen du ikusteak zein irudi dauzkagun barruraino sartuta, zein logo diren “denok” ezagutzen ditugunak eta horrek zer botere suposatzen duen, noski. Publizitate kanpainetan asmatu dutenik ezin uka (sosak ere laguntzen du). Marka horien pare jartzeko helbururik gabe, baina ARGIAk ere bere irudia jendartean zabaltzeko eta kale-presentzia berreskuratzeko kanpaina jarri du martxan.
2023ko Iraultza Txikien Akanpadan, Kilometroetan edo Nafarroa Oinezen egon bazara, posible da ARGIAren postua ikusi izana. Akaso gerturatu ere egin zara, irakurle, zer saltzen duten ikustera. Ohartuko zinen, ordea, ez dela salmenta-gune bat edo, ez behintzat, espresuki horretarako jarria (ARGIAren azokako zenbait produktu saltzeko aprobetxatu dute mahaia, baina ez da lehentasuna eta taularen pusketa txiki bat eskaini diote horri). ARGIA ezagutzera ematea da intentzioa, ezagutzen ez duenari harpidetza eredua eta gure baloreak azaltzea eta ezagutzen duenarekin hizketaldia izatea. Mahaiaren albo banatan jarri dute panel bat eta bakoitzean, sinple-sinple, oinarrian komunitateari adierazi nahi diotena: ‘Babestu euskal kazetaritza independentea’ eta ‘Egin ARGIAkoa. Prezio finkorik gabe. Ordaindu nahi duzuna’.

Izandako harrera

Erantzun ona izaten ari da jendearen artean, eta bat baino gehiago dira harpidetza eredua azaldutakoan harridura aurpegiz begiratzen dutenak. Berria da kontzeptua askorentzat, baina orokorrean oso harrera ona du kontatutakoak. Harpidetza berriren bat edo beste ere egin da, eta momentuan egindako hori ongi etorri, noski, baina “hazia ereitea da helburua, ARGIA kalean ikustea eta pixkanaka geroz eta jende gehiagok gure funtzionatzeko era ezagutzea”, esplikatu digute lantaldetik.

Lurraman jarriko du hurrengo mahaia ARGIAk, Miarritzen, azaroaren 10etik 12ra bitarte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA