Hitzak jarioka

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gabonak. Familia bazkari eta afariak. Komunikabideek saltzen diguten familia ideal eta zoriontsuaren ideia faltsuaren atzean zenbat eztabaida eta haserre pizten ote dira urtero, enegarren plateraren eta turroiaren tartean? ARGIAk dakar konponbidea –edo azken diskusioa sortzeko beta emango duena–: Jarioka jolasa. Taldeka banatuta, hitz ezkutua asmatzeko mahai-joko berria.

Irudikatu une batez egoera: txikienak lotara eraman dituzuenean, ardo mordoxka edanda poteo eta afarian zehar, mihia pixka bat potolo, taldeen banaketa egin da eta koinatu ahoberoaren kontra tokatu zaizu. Talde indartsua duzu eta pentsatu duzu: “Oraintxe da unea Aitor zapaburu hori lotsakizun uzteko, beti dena dakielakoan…”. Osaba zaharra duzu ondoko aulkian jada erdi lo, nahikoa lan egina baita egun osoan, ama eta izeba sukaldean (barkatu, baina zure etxean ere posibleena da oraindik lan horiek emakumeek egitea, nahiz eta beraiek ere egun osoko lanak eginda izan) eta lehengusuak elkartu zarete lehiarako. Amona begira-begira duzue, jokoan sartu nahiko balu bezala, baina erreflexuak jada ez dira bere lagunik onena eta mahaiburu utzi duzue, borobiletik kanpora utzi gabe, baina gehiegi molestatzen ez duela. Asko dago jokoan.

Atera duzu lehen karta eta egokitu zaizkizu lau hitz. Hitz bakoitzak ondoan baditu beste launa, pistak ematerakoan erabili ezin izango direnak. Debekatuak. Jokoaren muina hori da, karta horietan agertu zaizkizun hitzak deskribatuz zure taldekideek asmatzea, baina hitz debekatuak erabili gabe. Erabiltzen duzun debekatutako hitz bakoitzeko puntuak galduko dituzu. Karta bateko hitzak zailak iruditzen bazaizkizu, paso egin eta beste karta bat hartzeko aukera duzu. Baina horrek ere puntuen galera dakar. Isuna.

Komodinak ere sartu dituzte jokoan. Balio desberdina duten kartak. Batzuk puntuak irabazten lagunduko dizute, beste batzuk, berriz, galtzera eraman. Eta elementu mitiko bat ere bai, harea-erlojua. Txanda bakoitzean ahalik eta hitz gehien asmatzeko bi minutu izango ditu talde bakoitzak.

Familian eolikoez edo greba feministaz hitz egitea arrisku handiko kirol bihurtu bazaizu, ez galdu aukera eta eskuratu etxeko batasuna mantenduko duen jolasa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA