Praktikak nola doaz?

argia
0
Izaro Villarreal eta Mattin Azpiroz ARGIAko erredakzioan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sinadura berriak ikusten ditugu lau hilabetean behin argia.eus atarian. Bi firmen atzean, bi pertsona berri taldean. Joan-etorrian dabiltzan gazteak. Beren lekua topatu nahian, gustuko dutena (eta ez) deskubritzeko asmotan, beren bidean hurrengo pausoa zein aldetara eman erabakitzekotan. Izaro Villarreal Lauroba eta Mattin Azpiroz Pagola dira urtarrila bukaerara arte Lasarte-Oriako egoitzan praktiketan ari direnak eta haiekin hitz egin dugu esperientzia nola doan jakiteko.

Biak kazetaritzako ikasleak (Villarreal, legazpiarra, laugarren mailan eta Azpiroz, añorgarra, gradua finitzeko ikasketa amaierako lanean buru-belarri) eta bientzat kazetaritza munduko lehen praktikak. “Asko ikasten ari garenaren sentsazioa dugu, unibertsitatean teoriaz asko mintzatzen da, baina errealitateak erakusten du benetan lan hau zer den eta bigarren parte hau ezagutzen ari gara ARGIAn; kazetaritza egiten ikasten ari gara”, adierazi digute.

Azpirozek dio, ARGIA komunikabide bezala lehendik ezagutzen bazuen ere, ARGIAkoek unibertsitatera egindako bisita batean izan zuela enpresa honen barne-antolaketaren berri eta “erakargarria” iruditu zitzaiola. “Enpresa eredu desberdinen inguruko hitzaldiak izan genituen irakasgai horretan eta ARGIAkoena oso gustura aditu nuen. Gainera, bukaeran azpimarratu zuten bertan praktikak egiteko aukera eta ni añorgarra izanik, gertutasuna ere kontuan hartu nuen”. Villarrealek ere ARGIAren horizontaltasuna azpimarratu digu: “Normalean burura datorkigun lehen antolamendu eredua espero nuen hemen ere, zuzendari bat, koordinatzaile nagusia… nolabaiteko hierarkia bat, bertikalagoa; baina aurkitu dut beste modu batera funtzionatzen duen talde bat, gaur editore lanak egitea tokatuko zaionak bihar nirekin pasako du goiza albistegintzan eta beste lankide batek izango du atzoko editore horri gaur albisteen galbahea pasatzeko ardura. Oso interesgarria”.

Legazpiarra gizarte eta politika gaiek erakartzen duten bitartean, Añorgakoak kulturara jotzen omen du gehiago. “Badugu gure proposamenak egiteko espazioa, erosoago sentitzen garen gaietan lan egiteko aukera; baina aldi berean, beste gai batzuk jorratzera ere bultzatzen gaituzte eta oso gustuko ez genituela uste genuen gaiez idazten ere irakasten digute”, azaldu dute.
“Banku, multinazional edo alderdien menpeko ez den hedabide independente bat ezagutu eta bertan lan egiteko aukera aprobetxatzeko esango nioke datorrenari”, adierazi du Villarrealek eta “ARGIA barrutik ezagutzeko aukera polita” izan litekeela esan nahi izan die, berriz, Azpirozek, eta praktikak egitera gonbidatu ditu kazetaritza edo ikus-entzunezkoen munduko ikasleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA