Argia Sariak ate joka

argia
0
2023ko Argia Sarietan 1973tik harpidedun direnak gonbidatu ziren. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Urtarrilaren 26a aspaldi dago borobilduta Lasarte-Oriako egoitzako egutegian. Durangoko Azokan gastatu dituzte batzuk pilak, beste batzuen buruak 2024ko Argia Sarietan ziren bitartean. Hala funtzionatzen du etxe honek, taldean eta taldeka, azken urteetan behintzat; eta badirudi funtzionatzen duela. Badatoz 35. Argia Sariak. Antolatu dituzte. Dagoeneko saridunak nor diren erabakita dago, eguraldi ona erreserbatuta, Atxega Jauregiko menua zehaztuta… Familia elkartzea falta!

Bukatu den urtearen hondarrean galdetu diot Argia Sarietako lantaldeari ea lotuta al dagoen dena eta erantzun gogorra jaso dut. Gogorra edo, nola adierazi… batek, hitzik gabe, baina zehar-begiratuarekin esan nahi izan dit ea zer pentsatzen dudan; bigarrenak, “ba noski, urtero bezala” lehor batekin azaldu dit hiru aste falta direla eta prest dagoela guztia; eta, besteak, gelako tentsioa ikusita, tonu errukiorrago batean kontatu dit pixka bat sakonago nola dagoen gaia. Total, baietz, lotuta omen dena.

Erantzunen lehorkeriari aurre egin nahian, zirikan hasi naiz, eta ahoan irribarrea dudala hasi naiz esaten ez adarrik jotzeko, behin baino gehiagotan ibiliko zirela azken orduan sariduna aldatzen, Merezimenduzko sari bat pentsatuta eduki eta azken orduan bigarren bat harri azpitik ateratzen… Eta lehor ari zaidanak ahapeka: “Urteren batean bost egun lehenago erabakitako saririk izan da bai, zuk esan duzun bezala, harri azpitik aterata!”.

Ezustean asmatu dut, beraz. Alegia, taldean antolatzen direla etxe honetan gauzak, bai; emaitza ona izaten dela, bai; baina ezin sinetsi, aurten ere, urtero bezala, garaiz eta dena lotuta dagoenik.
Ai, ai. Orain ohartu naiz hizketaldia abenduaren 28an izan genuela. Telefonoa hartu dut: “Aizu, aurrekoan esan zenidaten ba bezperan pentsatutako saridunak ere izaten direla?”. Bapo egin du barre telefonoaren bestaldekoak.

Aurtengo sarituak izateko proposamenak bidaltzeko mezua zabaldu zitzaion publikoari, kolaboratzaile sareari ere egin zitzaigun gonbidapena, eta jasotakoak eta erredakzioan eta taldean proposatutakoak aztertuta atera dituzte 2024ko euskarazko kazetaritza eta komunikazioko saridunak.

Familiako kideak
Hainbat alorretako hamaika gonbidatu izaten dira Atxega Jauregian biltzen direnak, baina lehengo urtean lehen aldiz izan ziren ARGIAko harpidedun batzuk bertan.
ARGIA proiektua denbora luzez babestu duten lagunei eskerrak emateko baliatzen hasi dira sari banaketa eguna. Iaz 50 urtetik gora, hau da, 1973tik harpidedun diren lagunak gonbidatu zituzten. Emaitzarekin pozik, urtero errepikatuko dute formula. Aurten 1974tik aurrerakoak sartuko dira zakuan. Aukeratzen lanak izango dituzte ARGIAkoek, 200dik gora harpidedun baitira bizitza ia osoa etxe honetan egin dutenak, eta mahaia, berriz, zortzikoa da. Inor haserretu ez dadin, ARGIAkoek esan didate hemen eskerrak emateko denei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA