[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez da estatu kolperik izan ARGIAn. Hauteskundeak egin dira eta demokratikoki hautatu dituzte zuzendaritzako kide izango diren hurrengo bi kideak. “Marroia jango duten bi lagunak”, pentsatuko dute klaustroan sekula ardurarik hartu nahi ez duten irakasleek –ezagutzen ditut klase honetako batzuk–. Ilusioz hartzen duenik ere bada, ordea. Proiektuan sinesten duen jendea. Lanerako gogoa duena eta, noski, jakinda ardura bat dela. Onintza Irureta eta Jone Arzallus dira erreleboa hartu berri dutenak, eta Axier Lopezi, Olatz Kortari eta Aloña Soraluzeri batu zaizkie.
Artikulua leitzen ari den gehienak, pentsatzen dut, badakiela ARGIAn zuzendari figura kendu zela duela lau urte. Inor despistatuta harrapatu badut, irakur dezake 2019ko urtarrilaren 21ean Argiaren Barrenak blogean idatzitakoa. Zuzendariaren lanak talde osoak hartzen ditu bere gain gaur egun, eta ordezkaritza kolektiboa osatzen dute. Bost kidek osatzen dute zuzendaritza taldea –beharrezko egoera batean taldea handitzeko aukera onartzen da estatutuetan–. Eta kargua bost urtetarako hartzen da, ez gehiago eta ez gutxiago. Boterearen erotikak burua gehiegi galduarazi aurretik pasa behar izaten da aginte-makila beste esku batzuetara, langileek –enpresako bazkideak direnek– hauteskunde bidez aukeratutako eskuetara. Urko Apaolaza eta Mikel Garcia izan dira zikloa osatu eta taldetik atera direnak. Esan gabe doa, bosteko talde guztia ez dela urte berean aldatzen. Pixkanakakoa izaten da, kaosik ez sortzeko eta makinak bere martxan jarrai dezan. Hiru urtez talde bera mantentzen da eta gero bi ateratzen dira, hurrengo urtean beste bi eta azkena hurrengoan.
Hiru sailen ordezkaritza
Idazkaritza, salmenta eta erredakzioa dira ARGIAri eusten dioten hiru oinarriak. Sail guztiek eduki behar dute ordezkaritza zuzendaritza taldean eta, kopuruz gehiago direnez, erredakzioko kazetariek hartzen dute pisurik handiena (3-1-1 formula erabiltzen dute gehienetan). Beraz, ordezkari berriak aukeratzeko orduan, kontuan hartu behar da zein ateratzen diren, hauteskundeetako bozka sailek ere baldintzatuko baitute.
Behin bost urteak eginda, ezin izango du bazkide horrek –ARGIAko bazkide izan beharra baitago zuzendaritzako kide izateko– berriz ere zuzendaritza taldean egon bere saileko kide guztiak ardura horretatik pasa arte. Horizontaltasunaren joko-arauak. Partida bertikalean jokatzera ohitutakoentzat hyppiegia eta hyppientzat bertikalegia, akaso?
Pastela modu justuagoan banatzea da asmoa. Denok jan behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena jan ez dezaten.