Teknologia burujabetzaz idazten dena, esku-eskura

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hodeia ez da existitzen. Eta ez naiz Kinton-ez ari, hori benetakoa da, badakit. Iametzaren teknologia burujabetzari buruzko gunearen izena da: ‘Hodeia ez da existitzen’. Podcast saioak, albisteak, sortuak eta sarean arrantzatutakoak… denak jasotzen ahalegintzen den biltegia. Dagoeneko martxan dago eta hodeiaezdaexistitzen.eus estekan begiratu dezakezue. Euskaraz, behintzat, ez da gaur arte antzeko beste gunerik sortu eta hutsune hori betetzera heldu da, teknologia burujabetzaren inguruan interesa duenak erreferentziazko gune bat izan dezan pentsatua.

Aspaldian dugu txipa horretan ARGIAk eta Iametzak. 2020an sortu zen gune honen lehen aurrekaria: Sandra Perez, Nerea Oñate eta Kristina Fernandezek aurkezten duten Hodeia ez da existitzen teknologia burujabetzari buruzko podcasta. Duela lau urtetik, gai honen inguruko elkarrizketa, albiste edo liburu zein dokumentalei buruzko iruzkinak aditu daitezke bertan. Geroztik, podcastean ahoz ematen zituen albisteak idazten hasi zen Asier Iturralde 2022an, astean bat; eta hauek ARGIAren Plazako Iametzaren leihoan ere zintzilikatzen dira, argia.eus-eko azalera ekarri eta sareetan zabaltzeko asmotan.

Orain, hirugarren kolpea. Jada lanen bilduma bat osatuta, sarean topatzen diren eta irakurlearentzat interesgarriak iruditzen zaizkigun albisteak behategian partekatuko dituzte. Hala, jatorrizko izenburua mantendu, azpian euskarara itzuli –euskarazko albistea ez den kasuetan–, hedabidearen izena aipatu, albistera lotura zintzilikatu eta albistea testuinguruan jartzen duen sarreratxoarekin zabaltzen da behategian.

“Gaiari buruz informatuta egon nahi duenari irakurgaiak aurkitzea erraztu nahi diogu”, azaldu digu Iturraldek. “Ez dugu katastrofismoan erori nahi, albiste onak ere zabaltzen ditugu; bertako esperientziak, aukerak…”, azpimarratu digu segidan. “Hack.in#badakigu informatika elkarte askeak kudeatutako Pribatutasunaren behatokia edo ARGIAren Zero Zabor kanala izan ditugu eredu, bi kasuetan ere gai zehatzen bueltan zabaltzen zenaren biltegi eta erreferentziazko gune direlako”.
Interesa duen orok eskuragarri du, esan bezala, ‘Hodeia ez da existitzen’ guneko behategi berria, baita t.me/hodeiaezdaexistitzen Telegram kanala ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA