[Itsaso Zubiria Etxeberria] Dena bukatzen da, irakurle. Ezkondutakoan erositako etxetresnak, bizi osorako irauten zuten horiek, jada ez dira existitzen. Tira, bizi osorako ezkontzak ere ez. Gaur egun garbigailuak irauten du hamabi urte, hozkailuak hamar eta ezkontzak lau. Obsoleszentzia programatuak. Panorama honen aurrean, esan beharrik ez dago astekari bateko atal bat ez dela betiko. Argi-kontra bukatu da. Ia hozkailu baten zahartzaroraino helduta.
Elkarrizketa luzeentzat badago espazioa ARGIAn. Beti egon izan da. Pertsona bat hartu eta honetaz eta hartaz hitz egiteko tartea. Erritmo biziagoko elkarrizketei leku egitera iritsi zen Argi-kontra. Galdera-erantzun azkarrak. Galdera asko eta erantzun laburrak, gai zehatz bati lotuta. Kontrapuntua ere izan zitekeen izena, aldizkariaren erritmoari erreferentzian. Sarri ahalegindu naiz irudikatzen kafe baten bueltako eskuz banakako pilota partida hori. Galdera ezker gantxoz eta besteak erantzun, galdera bi paretarekin eta jaso berriz ere, sendo. Baina gero pentsatu izan dut lan handia izango zutela elkarrizketari idatziz forma hori ematen, ez baitzen beti entrebista azkarra izango; tokatuko baitziren hizketaldi pausatuagoak eta luzeak ere, eta hori Argi-kontra-ko estiloko galdera-erantzun azkarretara egokitzeko orrazi eta guraizeak txukun erabiltzea bai iruditzen zaidala artea.
2015eko azaroaren 15eko zenbakian aurkitu genuen sail berria. Aritz Galarraga izan zen estreinakoa idatzi zuena, baina berarekin batean ezagutu genituen sinadura gehiago ere: Jenofa Berhokoirigoin, Jabi Zabala, Arantza Santesteban, Unai Brea edo Amaia Zabala; eta ondoren etorri ziren Saioa Baleztena, Ander Perez, Aitziber Zapirain, Marijo Deogracias, Leire Regadas, Izar Mendiguren eta Olaia L. Garaialde. Komunitatea izeneko atal honetan eman izan dugu, urteotan zehar, aldaketa edo fitxaje berri zenbaiten albistea.
Niri neuri izugarri gustatzen zaizkit estilo horretako elkarrizketak eta pena handiz jaso dut albistea. Urte hauetan jende eta gai interesgarri asko ezagutzen lagundu didazuen kazetari horiei guztiei, milesker.