Hilero Larrungo maldan gora

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hala daramatza ia hamar urte Joseba Larratxe ‘Josevisky’ marrazkilariak, 2015ean ARGIAren Larrun, hileroko gehigarriaren azaleko ilustrazioa egiteko enkargua jaso zuenetik. Bizpahiru lehenago hasi zen lantxo batzuk egiten marrazkilaria etxe honetarako. Ondo gogoan du Ander Gortazarrek Urtekarira-ko egin beharreko erreportaje baten ilustrazioa egiteko proposatuta hasi zuela ARGIAn bere ibilbidea. Orain, Larrun-en 96 azal ilustratuta, 100.a ospatzea du helburu.
Dutxa du inspirazio-iturri. Hala aitortu digu eta niri harrigarri xamarra egiten bazait ere, ez da dutxan asko pentsatzen duela esan didan lehena. Kuriosoa, lekua. Oraingoz mugikorrik bustitzen ez dugulako izango da? Ni burua bustitzean baino, oxigenatzean pentsatzen duen jende-klasea naiz –paseatzera joaten naizenean, adibidez, ideia zaparrada izaten dut batzuetan–; baina artikuluaren muinetik gehiegi aldendu aurretik banator Larrun-en magalera bueltan. Hilean behingo lana kontuan hartuta, ilustratzaileak bere lana aurkeztu baino bi aste lehenagorako eskatzen dio kazetariari edukiaren gaia. Behin-betiko testua normalean oraindik prest ez badago ere, ideia batzuk. Egoerarik onenetara jota, izenburua. “Atsegin dut azalean joango den testuarekin marrazkian jolas egitea”, azaldu digu. Kazetariak ere klase askotakoak daude eta badira azken ordukoan adituak. “Larrun-en zirrara horixe da, batzuk fin-fin egiten dituzte etxeko lanak eta beste batzuek, berriz, azken unera arte luzatzen dute; baina tira, ez gara sekula inprentara ailegatu gabe geratu”, kontatu digu barrez Larratxek.
Nola egiten du lan marrazkilariak?
“Paperaren gainean pentsatzen dugu ilustratzaileok”, esan dit. Asko gustatu zait. “Buruan dugun ideia gauza bat izan ohi da, baina ez da jakiten paperean nola geratuko den; beraz, zirriborroak eginez pentsatzen dugu, agian bi zirriborro nahastuz, ideia batetik beste bat ateraz… nire kasuan behintzat bai”, zehaztu dit.
Eta dutxako anekdota gezurra izan gabe, baina konexioaren garaira etorrita, sare sozialetan jarraitzen dituen munduko marrazkilari piloaren inspiraziotik ere edan ohi du, normala denez. ‘Inspirazioa’ karpeta du ordenagailuan, hain justu, gustuko dituen irudiak gordetzeko. Horra jotzen du sarritan, “trazu edo kolore eskema berrien bila”. “Larrun-en kasuan kolore eskema abstraituetara jotzen dut, errealitatetik pixka bat aldendu eta irakurlea ideien mundura gonbidatzeko”, azaldu du.
Datozen bizpahiru Larrun-etan bere eskua antzemango ez baduzu ere, irakurle, lasai, laster izango dugu bueltan Josevisky eta ospatuko dugu 100. azala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA