Aita pontekoaren mehatxuak

argia
0
‘Komunikazioa eta giza eskubideak. Geure burua babesteko topaketak’ jardunaldietako parte-hartzaileak ondorioak gainbegiratzen. Argazkia: J. Marcos / desplazados.org

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez nuke nahi zure katutxoari ezer gertatzerik…” –tonu bare eta baxuan irakurri, ahots zartatuarekin–. Lurra babestu eta defendatzen dutenak mehatxatzea edo beldurtzea klasiko samarra da. Etxean entzuna dut, adibidez, Aginagan (Gipuzkoa) egin nahi izan zuten zubiaren historia, nola proiektuaren kontra agertu ziren auzoko baserritar obrero batzuei metak erre zizkieten –1970eko hamarkadan horrek esan nahi zuenarekin–, besteren bat errio bazterrera bota zuten bizpahiru gizon handik… –irakur argia.eus-eko Xehe blogean ‘Oreinako zubia’ sarrera–. Baina, dirudienez, eraginkorra da matoien sistema, oraindik ere sarri erabiltzen den tresna baita. Hilketaren muturreraino eramaten dena munduko bazter askotan, gainera. Ordea, nora heldu nahi dudan sarrera honekin? Arteako (Bizkaia) Basoa proiektuko etxean egin diren jardunaldi batzuetara. Eta zer ikusi duen ARGIAk honekin? Bada segi pixka bat gehiago irakurtzen.
Guatemala, meatzaritza-industriaren kutsadura, ARGIAk Paolina Albani kazetariari egindako elkarrizketa, 15.000 euroko kalte-ordain eskaera… Oroitzen? Leire Artola ARGIAko lankidea gonbidatu dute jardunaldi horietara, 2023ko ekainean Solway meatzaritza enpresa multinazionalak hedabide txiki hau mehatxatu zuela-eta, bizipena kontatzera. Nazioarteko Bake Brigadek (PBI) antolatuta, otsailaren 16 eta 17an elkartu ziren Latinoamerikako, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuan errefuxiatutako hainbat lekutako giza eskubideen defendatzaileak eta komunikatzaileak, Komunikazioa eta giza eskubideak. Geure burua babesteko topaketak jardunaldien baitan. Kriminalizazio eta jazarpen estrategien aurrean giza eskubideen babesa eta defentsa landu dituzte hogei bat lagunek eta espazioa baliatu dute eztabaidatzeko komunikabideek zaintzako eta arriskuak murrizteko prozesu kolektiboetan eta indibidualetan duten eginkizunaren inguruan. Jardunaldiak Mª Ángeles Fernández eta Jairo Marcos kazetariek (desplazados.org) antolatu dituzte eta beraiek izan dira ARGIA gonbidatu dutenak.
Solway-ren gaia ondo gogoratzen ez baduzu, irakurri Kazetaritza ez da delitua albistea. Bitartean, ARGIAk jarraituko du kazetaritza konprometitua egiten, ez baita delitua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA