Bizitzaren unibertsitatea, erredakzioa

argia
0
Ainara Rodil ARGIAko erredakzioan. Argazkia: Mikel Olabide / ARGIA CC BY-SA
Ainara Rodil ARGIAko erredakzioan. Argazkia: Mikel Olabide / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ibiliaz ikasten den bezala oinez, idatziz ikasten da kazetaritza egiten. Praktikatuz, jardunez eta dakienari erreparatuz eta galdetuz. Horretan ari da Ainara Rodil (Ormaiztegi, 2001). Otsailaren 1ean hasi zuen praktikaldia ARGIAn eta berarekin hitz egin dugu, nola dabilen jakin nahian. Uste okerra izan dut orain arte, pentsatzen bainuen kazetaritzako unibertsitateko graduan nahitaezkoak zirela praktikak; baina ez, aukera modura bakarrik eskaintzen dituzte. Pasa ditzakezu lau urte kazetaritzaren historia eta teoria ikasten, kasik kazetaritza lan errealik egin gabe. Eta gero… bertigoa sentitzen baduzu lan-mundura jauzi egiteko sartuko zara master batean; eta gero bestean. Ainarak praktikak egiteko aukera aprobetxatzea erabaki du.

“Lehendik ezaguna nuen ARGIA, hedabide independentea dela banekien, Zeruko Argiatik sortua dela, ‘Kazetaritza ez da delitua’ kanpaina eta mozal legearekin izan dituzten gorabeherak pixka bat kontrolatzen nituen… ez zen komunikabide arrotz bat niretzat hemen praktiketan hasi aurretik”, azaldu digu. Baina harrituta geratu da antolatzeko moduarekin, askori gertatzen zaion bezala. “Ez gaude ohituta ARGIArena bezalako funtzionatzeko moduekin, horizontaltasun horrekin; denen artean hartzen dira etxe honetan erabakiak”, azpimarratu du gazteak. “Gustura” dago, “asko ikasten” ari dela kontatu digu, kazetaritza egiten ikasten ari dela eta aholku eta gomendioak arretaz jasotzen ditu, praktikaldiak iraungo duen lau hilabeteei zukua ateratzeko. “Zuzenketak egiten dizkidate, noski, baina askatasun handia sentitu dut hasieratik idazkera aldetik, gaiak lantzeko moduarekin… jende jatorra topatu dut lantaldean eta kazetaritza ikasketak egiten ari den edonori gomendatuko nioke ARGIAn praktikak egiteko”, azpimarratu du.

Unibertsitatean hasi aurretik Andoaingo Zine eta Bideo eskolan errealizazioan espezializatutako Goi Mailako Zikloa osatu zuen, Batxilergoa bukatu eta norabidea garbi ikusten ez zuela-eta. ARGIAn praktikaldia bukatutakoan unibertsitateko ikasketak amaitzea du helburu. Gero, gerokoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA