Taldea sendotzeko urteko zita Zumaiako festetan

argia
0
ARGIAko langileak Garoa Gartziandiaren azalpenak entzuten. Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Jakin nuen duela aste batzuk ARGIAko lantaldekoak ostiral batez eguna Zumaian pasatzekoak zirela. Apirilaren 12an, justuki. Urtean behin egiten duten taldeko formazio-saioa zutela azaldu zidaten eta nik, orain ez hainbeste urte di-da lotura segundo erdi batean egingo banuen ere, egun batzuk kosta zitzaidan konexioa egitea: bale, formazioa bai, baina festak (santelmoak) ere bai… Beti iruditu izan zaizkit interesgarriak kontu hauek taldea egiterako garaian, bai formazio-saioena eta baita parrandarena ere. Gauekoaren berririk ez dut, baina egunak zenbateraino eman zuen kontatu didate.

Bi zatitan banatu zuten eguna Foronda Jauregian antolatutako saioan. Goizean zehar barne komunikazioaren inguruan aritu ziren Aise kooperatibako Garoa Gartziandiaren laguntzarekin. Egunerokoan kanpora begirako komunikazioa lantzen duenak nola komunikatzen du barne-mailan? Nola dago taldeko harremana aspektu horretan? Ekipoan bakoitzak hartzen dituen rolak eta jokatzen dituen funtzioak aztertu dituzte, bai eta gai sentsibleagoak izan daitezkeenak kudeatzeko estrategiak eta moduak ere. Aise kooperatiba talde-prozesuetan espezializatutako enpresa da eta Gartziandiak lehen zati batean teorizatu du ARGIAk landu nahi zituen gaien inguruan, gero teoria hori enpresara ekarri eta ARGIAren terrenoan nola aplikatu lantzeko. Hitz egin dute gai delikatuak tratatzeko espazioen beharraz, formez, komunikazio ez bortitzaz… eta teoriaz mintzatzea erraza izan badaiteke ere, etxeko lanekin itzuli dira lantokira batzuk, Zumaian hitz egindakoak aplikatzen hastea baita orain helburua.

Arratsaldean erretiroa hartzera doazen Bego Zuza eta Pello Zubiria taldeko beteranoei eman diete hitza. Transmisioan jarri nahi izan dute indarra. Hobeto edo okerrago, baina enpresak urte hauetan egindako bidea zaharrek gazteei azaltzeari ARGIAk ematen dio garrantzia. Zuza enpresa ikuspegiaz aritu zen, AmetzagaƱaz, krisi handietan elkar babesteko aukera izatearen garrantziaz, eta abar; Zubiria, aldiz, kazetaritzan zentratu zen gehiago. Solasaldi moduan hasi zenak galdera-erantzun eta konbertsazio informalago baten forma hartu zuen amaierarako. Eta hemendik ere etxeko lanak gazteentzat: AmetzagaƱa osatzen duten lau enpresen arteko lotura hori gehiago lantzea eta ezagutzea.

Giroa azpimarratu dute formazioa antolatzen ibili diren lantaldekoek, ez direla talde osoa ia inoiz elkartzen eta horrelakoek indartzen dutela ekipoa. Batzuk poltsa lanez beteta eta beste batzuk oraindik ajea guztiz pasa gabe, baina astelehenean ilusioz bueltatu omen ziren lanera. Ez da gutxi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA