Paper zuriaren aurrean kikildu ez den kazetaria

argia
0
Koldo Aldalurrek ETBtik erretiroa hartu du eta ARGIAn iritzi artikuluak idazteari utzi dio. Orain jubilatu bizitza egiten du, besteak beste, bidaiak eta baratzea.
Koldo Aldalurrek ETBtik erretiroa hartu du eta ARGIAn iritzi artikuluak idazteari utzi dio. Orain jubilatu bizitza egiten du, besteak beste, bidaiak eta baratzea.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Euskal Herri txiki honetan, euskal komunitate are txikiagoaren barruan, ez da zaila bistaz behintzat ezagutzea. Eta agian gazteagoei pista galtzea errazagoa da, baina zaharragoak “fitxatuta” eduki ohi ditugu. Astekariko atal hau osatzen ari naizenetik behin baino gehiagotan pasa izan zait nire haurtzaro edo gaztaroko erreferentziei galderak egin behar izatea eta oraingoan telebistatik aurpegi oso ezaguna zaidan Koldo Aldalurrekin (Zumarraga, 1959) hitz egitea egokitu zait, hogeita bost urteren ondoren ARGIAn idatzi duen azken iritzi artikulua entregatu berritan.

ETBko kirol kazetari moduan ezagutzen dut nik (34 urte egin ditu bertan), baina ARGIAn ere ez du ibilbide makala egin, mende laurdena baita iritziak idazten hasi zela. Kirolari buruzkoak izan ziren lehen hamabost urteetako testuak, baina azken urteetan gai sozialak landu ditu. “Kirolaren inguruan aritu naiz, baina beti ikuspegi ezberdina eman nahian, ezkutuan dauden kontuak eta agintariei aipatzea komeni ez zaizkienak aireratuz, alegia”, esan digu. Aitortu digu paper zuriak beti eman izan diola zuzenekoek baino bertigo handiagoa: “Momentuko hitzak haizeak eramaten ditu, paperean idatzitakoa hor geratzen da, salatari”.

Atzera begira
Erretiroa hartuta, atzera begirako balorazioa egin du, egitura bertikalak eta askatasuna azpimarratuta: “Egitura bertikaletan aritzea erosoa da soldata soilik baduzu helburu. Beste batzuk hartutako erabakiak bete eta epel bizi. Konformidadean bizitzea ez baduzu gustuko, arazoak sortzen dira, baina kazetari bizitza aberatsagoa da. Diote oreka topatzean dagoela gakoa; dena den, atzera begira jarrita, egindako ibilbidea aberatsa izan dela iruditzen zait eta egindako lagunak lankideak baino askoz gehiago direla”. ARGIAk “nahi dudana esateko askatasuna” eman diola azpimarratu du “eta, jakina, nire hizkuntzan aritzeko aukera. Iruditzen zait kazetaritza alderdiei eta agintariei hain lotua dagoen garai ilun honetan, ARGIA guztiz beharrezkoa dela”, azpimarratu du.

Eta hemendik aurrera?
Mundua astintzen duten albisteak jarraitzen dituela aitortu digu, baina gertuen duena garrantzi handikoa dela ahaztu gabe. “Baratzean tipulak, lekak eta letxugak hazten ari dira, eta orain tomateak landatzeko garaia da. Kataluniako hauteskundeak garrantzitsuak dira. Gure baratzea ere bai”, esaldi ederrarekin amaitu dugu elkarrizketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA