Gaurkotasuna galduko ez duen podcasta

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Duela gutxi Koldo Aldalurrek aitortu zidan paper zuriaren aurrean jartzeari dion bertigoa; ohituta dagoela zuzenekoetara, hitzak haizeak eramaten baititu, baina idatzitakoak hor geratzen direla. Zorionez edo zoritxarrez, gaur egun grabatzen den ezer, zuzenekoa izanda ere, ez du haizeak garraiatzen eta sarean geratzen da zintzilik, nahi duenaren eskura. Egonarria podcasta bezala.

Eli Pagolak eta Mattin Jauregik gidatutako saioak bigarren denboraldia osatu du. Lehenengo kolpean hamabi irratsaio egin dituzte eta bigarren honetan hogei. “Lurrari entzuten dion saioa” du izenburu eta lurrak eta laborantzak biltzen dituzten gaiak jaso dituzte uhinetan. Hiriak elikatzeko formuletatik abiatu eta erlategietatik pasaz, Kubako lehen sektore agroekologikoraino, gaiak askotarikoak izan dira. Bigarren denboraldi honetan platora gonbidatuak ekartzeaz gain, beraiek gerturatu dira lekura eta bertatik ezagutu dituzte, lurrari lotuta, hainbat esperientzia. “Lehen denboraldiak lagundu digu bigarrenean landu nahi izan duguna identifikatzen, baina saioen martxarekin batera joan gara formatua fintzen”, azaldu digute saioaren gidariek.

Egindako lanaren balorazio bat eskatuta, hasteko, saioek izan duten harrera azpimarratu dute; jasotako inpresioen arabera “interesa piztu baitu” podcastak. “Lehen sektoreari presentzia emateko formatu asko daude eta iruditu zitzaigun hau izan zitekeela horietako bat. Gainera, elkarrizketa batzuk besteekin lotura zuzena agertzen dute, edo gai batetik hasi eta beste saio bat egiteko bidea eman dute. Uste dugu seinale ona dela hori”, jarraitu dute.

Probatu ez duenak ez daki zer den
Orain arte saioa entzun ez duenari gonbitea zabaltzeko eskatuta, honakoa esan digute Pagolak eta Jauregik: “Ohituta gaude nekazariak nekazaritzaz entzuten, arrantzaleak arrantzaz, elaboratzaileak elaborazioaz… Egonarrian, hizketagaiak zabaldu ditugu eta sektorearen begirada ez ezik, mundu-ikuskera batzuk ekarri nahi izan ditugu 30 minutuko tartera. Beraz, gaiaz asko jakin zein piperrik ere ez, ziur interesgarri egingo zaizun zerbait aurkituko duzula Egonarrian”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA